Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Edozein herriko jaixetan

2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun

Ukaezina da badirela ere Sanferminetako lan egun gogorrenetan une ederrak. Esaterako, kolektiboki egindako musika zerrenda berean bukatzen dutenean jarraian Bad Gyalek eta Anarik, Rosaliak eta J Martinak. Badira ere solasaldi oso laburrak, zurito bat jarri eta piper bola hartu artean garatzen direnak: suteak, EHZko Ekialdearen eguna, ezkerreko zinegotziak meza nagusietan, udal bandaren doinuen hautaketa, Ortzaizen ireki berri duten liburu denda, poliziarengandik babesteko kaleko salmentan dabiltzan beltzen protokoloak.

 

Eta gero badira aurreko bederatzi Sanferminetan egokitu ez zaizkizun ala ikusteko gaitasunik izan ez duzun alde ilunak. Gizon gazte kuadrilla bat sartu da lokalera, jarri dira ilaran, ikusi dute ortzadarraren bandera paretan, elkarri begiratu diote, buruarekin keinua egin diote banderari, irribarre egin eta ospa egin dute.

Uztailaren 6an, gaztelera garbian, arratseko bostetan, bezero harroxko bat lankideari —emakume magrebtar iheslariari— eskatzen nahi duela faktura bat sei garagardo eta bi konbinatuena. Lankideak ez du ulertzen, bezeroak modu txarrez esaten dio behin eta berriro. Orduan galdetu diot zer gertatzen den eta faktura eskatzen ari zen gizonak irribarre egiten dit eta esaten dit txantxa bat dela. Eta handik ordu-erdi batzuetara, beste gizon batek ere eskatzen dio lankideari gaztelera garbian faktura nahi duela, paperean. Lankideak eskatzen dit niri kudeatzeko, gaindituta dagoela. Ez du dena ulertu, baina badaki behin eta berriro iseka egiten diotela bezeroek.

Handik ordu laurdenera, lokalak jendez lepo sei ordu daramatzanean, euskara garbian kafesne epel bat eskatzen diote lankideari, arroz esnearekin, eramateko. Lankideak «kafesne» bakarrik ulertu duela adierazi du Magrebeko azentuarekin gazteleraz, baina euskaraz errepikatzen diote, gero eta polikiago eta altuago. Ez dut irudikatzen emakume gazte hori, euskaraz eskatzeko eskubidea beste edozeren eta edonoren gainetik jarri duena, errepideko polizia kontrol batean, arazoa izan duen afera judizial batean, polizia ala epaile bati hala hitz egiten.

Festa beti da talde baten parte dena eta ez dena markatzeko gertakizun bat. Esadazu nolako tratua duzun zure menpekoekiko eta jakingo dugu nor zaren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.