nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Ahobete eta belarrihotz

2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Euskaraz iragarritako film bat ikusteko haurrekin zinemara sartu eta, aulkian siestarako jarrera erosoa hartu duen unean, espainolez hasi da hizketan pantaila handia. Euskaraldian eta herri euskaldun batean. Sentitzen dutela esan diote zinemako arduradunek, berandu iritsi dela euskarazko bertsioa. Bailarako mankomunitateak antolatutako emakume ekintzaileentzako ikastaro bateko arduradunak mezua bidali dio biharko saioaren inguruko informazioa ematen eta adierazi du, irakaslea euskalduna izan arren, saioa espainolez gauzatuko dela. Euskaraldian eta bailara euskaldun batean. Sentitzen duela esan dio arduradunak, ez dutela bi saio egiteko adina dirurik eta ez duela hizkuntzarengatik inor kanpo utzi nahi. Euskara ofiziala den eremu batean, epaiketa euskaraz egitea galdegin du herritar batek eta itzultzaile bat jarri diote; euskara ez baita nahitaezko eskakizuna epaile edo fiskal izateko. Euskaraldian eta betidanik. Sentitzen dutela esan diote eta epaiketa espainolez egitea erabaki du, egoerak ziurgabetasuna sortzen diolako.

Euskaraldia, Hikaldia, Pantailaldia eta Gaztealdia hitzek jantzi dute gure paisaia azken egunotan, baina ahobizi txapa jantzita ari dira erdara hutsean ETB2 katean. Ez dute halakorik adierazi, baina seguru eurek ere pila bat sentitzen dutela. Aurten ez da Euskaraldirik egingo Lodosan; euskaraz aritu nahi eta ezin. Ez dut uste Nafarroako agintariek inongo kulparik sentitzen dutenik lurraldea hiru hizkuntz eremutan banatu izanagatik.

Euskaraldiari instituzionalizazio kiratsa hartzen diot aurten, itxurakeriarena. Ahobizi baino gehiago, ahobete dabiltza agintariak txapa hara-hona; eta prest baino hotz, oso belarrihotz. Bitartean, Eustatek plazaratutako azken datuek baieztatu digute euskararen erabilera atzeraka ari dela nabarmen udalerri euskaldunetan. Zer nahi duzue esatea: nik ez nuen nahi entzun gerrarako deia baina, lantza bat estomagoan, burua lehoi baten ahoan sartzea bada ideia; ados, has dadila lehia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.