Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Medea eta urte zaharra

2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Duela urtebete, mesanotxeko liburu dorretxoan ezkutuan geratu zitzaidan Pascal Quignardek falta zaizkigun irudiez idatzitako saiakera llaburra. Liburu finen dinamikaren parte da, ezkutuan geratu desagertuarte.

Quignardek antzinako margolanen bidez azaltzen du zenbait irudik gertatuko denaren antizipazio gisa funtzionatzen dutela. Dioskuroen etxeko Medea da aztertzen duen azken irudia.

Margolanean agertzen dira ezkerretik eskuinera Tragos, Mermeros, Feres eta Medeia (zeinaren barruan dagoen Medeios ikusezina).

Medea izenaren erroa da med-, frantseseko bi hitz eratorri dira erro horretatik: medizina eta erre-mediatu. Medea da meditatzen duena eta pre-meditatzen duena. Greziar munduan xaman handi bat da. Bere barnera ikusten daki.

Dioskuroen etxeko Medeak begiak itxita dauzka. Gogoeta egiten du. Maite ditu seme-alabak. Gorroto du senarra. Bi eskuekin ezpatari eusten dio.

Quignardek dio antzinako munduan meditazioa ahots ezberdinen arteko eztabaida bat zela norberaren gorputzaren barruan.

Atzean Tragos pedagogo zaharra dago. Haurrak begiratzen ari da. Margoaren erdian Mermeros eta Feres semeak hezurtxoekin jolasten ari dira. Aurki hezurtxo bilakatuko dira. Aurki hilko ditu Medeak. Eta hil eta gero bere tunika altxatuko du, hankartea irekiko du eta ezpatarekin bulbaren barrualdea garbituko du. Jasonekin izatekoa zen hirugarren umea ez da izango.

Eszena falta da baina gertatuko den guztiaren elementuak daude. Quignardek ekaitzaren sorrerarekin alderatzen du irudiko tentsioa: gerta daiteke ur erauntsia ala ez. Baina badaezpada, dena dago gerta dadin prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.