Ander Perez Argote
LARREPETIT

Etxe

2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Txikitan, harrapaketetan, casa esaten genion esku hutsez ukitu eta harrapatuak izatetik libratzen gintuen tokiari. Beste edozein hitz erabil genezakeen, baina ordurako bagenekien etxea zela babesten gintuena.

Etxe bakarrean igaro ohi ditugu bizitzako lehen hamarkadak, eta etxetik etxera gaztaroko urte gehienak. Nor garen eraikitze horretan denetarik probatu beharko bagenu bezala. «Proba ezazu bakarrik bizitzen, behin bada ere, ez dizu kalterik eginen», taberna zuloko komunean kreditu txartela ateratzen duen lagunak badaki ere higiezinen merkatuaz.

Bidean, etxean geldirik egon ezinik zebilen kalekumea etxeko goxotasuna desiratzen ikusi duzu. Jada ez dira hain bakanak etxean lasai gelditzeko hautatzen dituzun egunak. Dirua bildu duzu, eta ilusioa, hipoteka forman doaz ametsak. «Total, alokairuaren antzera ordainduko duzu hilabetero», diotsu lagunak. «Sarrera zuk jarriko didazu?» esateko gogoa duzu komunetik irtetearekin batera. Seme-alaben etxerako sarrera bihurtu da gure belaunaldiko guraso askoren opari estandarra.

Lehen, lotan, etxe bat amesten zenuen; orain Euriborraren gorabeherek kentzen dizute loa. Eta hala ere, «etxean bezala inon ez» esaten topatu duzu zeure burua oporretatik bueltan. Twitterreko scroll-ean behin eta berriz azaltzen zaizkizu etxebizitza legearen gorabeherak. Ongi deritzozu alokairuen igoera mugatzeari. Jakin badakizu etxe bat izatearen garrantziaz. Eta hala ere, beste zerbaiti esan nahiko zenioke zuk etxe. Azkenerako, konturatu baitzara gehiago dela etxea beste zerbait, inguratzen zaituzten lau paretak baino. Aterpea norengan bilatu ikasi duzu, eta badakizu emozionalak ere badirela etxegabetzeak. Pisu handiegia dute kutxek, utzi beharko duzu zerbait bidean, muga jarri dizu bizitzaren mudantza enpresak.

Etxe bila zabiltza, baina ez iragarkitan. Badakizu nor den etxe sentiarazten zaituena. Hura ukitu nahiko zenuke, eta «etxe!» oihukatu. Beste batean harrapa zaitzatela bizitzaren mamuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.