Ander Perez Argote
LARREPETIT

Hartu poema bat

2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Aurrekoan esan zidan lagun batek, haren beste lagun batekin elkartzen denean, adostua dutela elkarri irakurtzeko zerbait eramatea. Hitzorduaren bezperatan irakurgaia erabaki behar izateak buruhauste batzuk ematen dizkiola ere esan zidan, baina eskertzen duela gero. Lokartu aurretik ohean eleberriak elkarrekin irakurtzen dituen bikoteren bat ere ezagutzen dut, txandaka aritzen dira bata besteari pasarteak irakurtzen.

Ez dakit batak irakurri eta besteak aditzen duena gauza bera ote diren. Ez dakit izan beharko luketen ere. Horri buruz izan nuen azken elkarrizketetako bat lagunarekin, ez oso aspaldi. Ongi ulertu banion, ez zitzaion interesatzen jendeak bere testua bere horretan jasotzea, berak a kantatu eta besteak a entzutea.Forma eta edukiaz aritu ginen, eta azaleko edukiaren barruko edukiez, norberak bere baitan eraiki eta eraldatzen dituenez.

Beste milaren artean, hori izan zitekeen arte sorkuntzaren balio handienetako bat. Liburu saltzaileak esan diezazukelako zeri buruzkoa den liburua, komentaditzake gaiak eta pertsonaiak. Nekez azalduko dizu ordea zer sentiaraziko dizun, nora joango zaizun burua, zerk eztandaraziko dizkizun erraiak, eta zerk poz txiki bat piztu.

«Hau zenionean, zer esan nahi zenuen zehazki?», ezaguna egingo zaio galdera ezer inoiz idatzi duenari. Lasai, nik ere sentitu dut ezinegon hori, zerbait irakurri eta lehenengoan ustez ezer ulertu ez dudanetan. Baina galdeiozu zeure buruari: ez al zaizu nahiko nik erreka bat aipatu eta zuk beste hartan izandako bainua gogoratzea? Ez al zaizu aski nik haurtzaroa aipatu eta zu zurearekin oroitzea? Ez al da aski nire ziurtasunek zure zalantzak azaleratzea, eta nire zalantzetan zu sendo sentitzea?

Ez dakit egungo industria kultural hipermastekatuaren ondorio den, ala norberarengan ziurtasun guztiak izateko nahia. Baina hartu poema bat. Irakurri zure baitarako, utzi hitz bakoitzak eramanzaitzan beste nonbaitera. Zu zara hura ulertu dezakeen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.