Biek, beste urtebete

Eibarrek ofizial egin du Jose Luis Mendilibarrek eta Fran Garagarzak taldean segituko dutela. Haien laguntzaileei ere berritu diete kontratua

Gorostiza, Mendilibar eta Garagarza artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Ofizial egitea baino ez zen falta, eta Eibarrek atzoko eguna aukeratu zuen horretarako. Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak eta Fran Garagarza kirol zuzendariak beste urtebete segituko dute talde gipuzkoarrean.

Duela aste batzuk, eta ligakoEspanyolen aurkako azken aurreko partidaren ondoren, zaila zirudien hala izatea. Mailari eutsita, Mendilibarrek adierazi zuen «nekatuta» zegoela, eta «gauza asko» zituela hitz egiteko klubarekin. Baina, azkenean, egoera bideratzea lortu dute. Asteazkenean bertan, Jon Ander Ulazia kontseilariak nabarmendu zuen «hurrengo egunetan» izango zirela berriak, baina bai Mendilibar, bai Garagarza, jada hurrengo denboraldiari begira ari zirela lanean.

Mendilibarrek zazpigarren denboraldia egingo du Eibar zuzentzen, azken seiak erreskadan. Izan ere, Zaldibarko teknikaria 2004-2005eko denboraldian eseri zen estreinakoz Ipuruako aulkian, Bigarren Mailan. Sasoi bakarra egin zuen. 2015-2016ko denboraldian itzuli zen, gaur arte.250 partida zuzendu ditu Mendilibarrek, 207 azken aldi honetan. Guztira 68 garaipen, 54 berdinketa eta 85 porrot pilatu ditu. Harekin batera, kontratua berritu dute entrenatzaile multzoko beste kideek. Andoni Azkargorta analista eta bigarren entrenatzaileak hiru urterako, eta bakarrerako Iñaki Bea laguntzaileak, Josu Anunzita atezainen entrenatzaileak eta Toni Ruiz prestatzaile fisikoak.

Mendilibarren kontratu berritzearen berri eman eta ordu gutxira jakinarazi zuten Garagarzarena. Mutrikukoak hamarkada bat beteko du idazkari tekniko moduan, 2011n ailegatu baitzen. Kontratuan klausula bat jaso dute, aurrekoan bezala, non bi aldeek datorren urteko martxoaren 31 baino lehen adostu behar duten hurrengo kontratu berritzea, hala izatea nahi badute. Garagarzarekin batera lanean dagoen Mikel Martijak ere jarraituko du idazkaritza teknikoan lanean.

Mendilibarrekin gertatu bezala, duela aste batzuk urruti zirudien Garagarzaren jarraipenak. Betisen eskaintza zuela zabaldu zen, baina, azkenean, Espainiako taldeak Antonio Cordon fitxatu du.

De Blasisek ez du segituko

Denboraldi-aurrea hasteko pare bat aste fala dira, eta Mendilibarrek eta Garagarzak lan eskerga dute aurretik datorren sasoiko taldea osatzen. Izan ere, azken urteetan funtsezkoak izan diren hainbat jokalarik taldea utzi dute dagoeneko.

Atzo bertan jakin zen Pablo de Blasisek ez duela segituko. Erdilari argentinarrak 58 partida jokatu eta zazpi gol sartu ditu Eibarren izan den azken bi sasoietan. Ezusterik ezean, sorterrira itzuliko da: Gimnasia y Esgriman ariko da.

Liga amaitu aurretik utzi zuten taldea Fabia Orellanak eta Gonzalo Escalantek. Kontratua ekainaren 30ean amaitzen zitzaien, eta, koronabirusaren etenaren ondorioz liga uztailaren 19ra arte amaitzen ez zen arren, ez segitzea erabaki zuten biek. Valladoliden eta Lazion ariko dira, hurrenez hurren.

Aste honetan bertan iragarri zen Charlesek ere ez duela jarraituko. Atzo sinatu zuen Pontevedrarekin. Cristoforo eta Ramis ere ez dira Eibarren izango hurrengo sasoian. Kontratua amaitzen zitzaien jokalarien artean, Pedro Leon da bere etorkizuna argitu ez duen bakarra. Ez klubak, ez jokalariak ez dute horri buruzko berririk eman.

Gainera, Jose Angel Cote denbora luzerako dago min hartuta. Horrenbestez, atean izan ezik, ia lerro guztietan egin beharko ditu fitxaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.