Ez dute oporrik nahi

IDK-k eta Gernikak balentria egin nahi dute Gironaren eta Perfumerias Avenidaren pabiloietan, eta titulurako finalerdietarako sailkatu

IDK-ko Joy Brown barneraketa bat egiten, igandeko partidan. IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
IDK Euskotrenek eta Lointek Gernikak ez dute oporretara joan nahi. Baina, hori lortzeko, balentria egin beharko dute gaur, ligako tituluko kanporaketetako final-laurdenetako itzulikoan. Valentziarekin batera, ligako bi talde indartsuenak izango dituzte aurrean, Girona eta Perfumerias Avenida, hurrenez hurren. Gainera, gipuzkoarrek bost puntuko desabantaila irauli beharko dute; bizkaitarrek, berriz, hamabost puntukoa. Biak etxetik kanpo arituko dira. IDK-k 20:00etan jokatu du, eta Gernikak, 20:30ean.

IDK-k inoizko garaipen kopururik handiena lortu zuen liga erregularrean: hamazazpi. Sasoiko lehen bost partidak galdu arren, oso talde lehiakorra izan da, ahalmen fisiko handia erakutsiz. Hainbat jokalari nabarmendu dira: Mariam Coulibaly, Lauren Cox, Lanet Harden, Maria España...

Igandean, joaneko partidan, zertxobait urduri irten ziren, ohi baino argitasun gutxiagorekin. Azu Muguruza entrenatzaileak berak onartu zuen partidaren amaieran. Baina atsedenaldia eta gero, defentsa sendotu zuten, eta erasoan askeago aritu ziren. Aurretik jartzea ere lortu zuten. Baina aldea murrizteko egindako ahalegina ordaindu zuten partidaren azken txapan, eta bost puntuz galdu zuten: 55-61.

España kapitaina baikor da, hala ere: «Gogoz gaude. Jakitun gaude oso talde indartsua izango dugula aurrean, baina kanporaketa ez dago erabakita, etaerakutsi dugu edozeinen aurka lehiatzeko gai garela. Espero dugu sasoiko azken bidaia ez izatea».

Lopezen bi eskeri

Are lantegi zailagoa du Lointek Gernikak, hamabost punturen errenta irauli beharko baitu Perfumerias Avenidaren kontra, egungo txapelduna eta Europako talderik indartsuenetako bat. Joanekoan argi erakutsi zuen hori. Lehen laurdenean 34 puntu sartu zituen, besteak beste sei hiruko. 10 minutuan ia erabakita utzi zuen norgehiagoka. Amaierako emaitza hauxe izan zen: 70-85. «Aukera oso gutxi ditugu aurrera egiteko. Avenidak ez du sekula etxean hamar puntu baino gehiagogatik galdu, ezta Euroligan ere. Bai erasoan eta bai defentsan partida biribila egin beharko dugu», adierazi zuen atzo Mario Lopez entrenatzaileak.

Jokalariei bi gauza eskatu dizkie: gozatzeko eta talde bat izateko. «Nahiz eta batez ere denboraldiaren bigarren zatian gorabeherak izan, hori izan da gure ezaugarri nagusia». Joanekoan bezala, oso jokalari gutxi izango ditu Lopezek eskuragarri. Izan ere, Gabija Meskonyte, Irune Orio, Itziar Ariztimuño, Angie Bjorklund eta Marta Alberdi min hartuta daude.

ACB ligan, aldiz, Surne Bilbo Basketek 87-79 irabazi zion atzo Teneriferi, eta kanporaketak jokatzeko aukera apurrei eutsi die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.