maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Pobreziak

2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Ez naiz neguan etxean tirantedun kamisetan egotea maite duten horietakoa, baina bizpahiru aste galdara gabe pasatu ondoren, halako batean jarri didate berria, eta, ufa, a ze paradisua! Etxera iritsi, eta gustura egotea, eta lotarakoan hotzik gabe: kontrakoa bizi izan duenarentzat, plazer hutsa.

Etxea berotzeko mekanismoa izorratu zitzaidan arte ez nuen ongi ulertua pobrezia energetikoaren kontzeptua, nik uste. Entzun nuen lehenengo aldian Ekonomia edo Teknologia arloko teknizismo bat zela pentsatu nuen. Gerora iritsi zitzaidan informazio gehiago: gizarteko arazo bat zela, anitz ez direla iristen elektrizitatea eta bertzelakoak ordaintzera. Eta ordaindu ezean, zerbitzurik ez. Zenbakiak entzun, eta bertze aldeko belarritik ateratzea erraza da; baina larruazalean bizitzea, bertze gauza bat.

Udatik negura kolpean pasatu garen honetan, irudika ezazue zeuen burua harrizko etxe zahar batean, bakarrik, eta ez surik, ez kalefakziorik, ez animaliarik... Eta ordenagailu aitzinean ikasten ala lanean, geldi-geldi; hiru jertserekin soinean. Horrenbertzeko diru eta lagun arazorik ez dudan honek segidan egiten nuen aukera: izoztu baino lehen, ondoko ostatu ala kafetegira, edo amatxiren etxera. Bertze batzuek ez dute halakorik egiteko zorterik izanen, ordea. Eta negu osoa pasatuko dute, estalpe batean bai agian, baina halere hotzak.

Irudika ezazue orain Irungo San Juan plaza egun euritsuotan, migratzaileak kalean, egun eta gau, norarik gabe, eta hotzak, pobrezia energetikoa baino gehiago dela eurek pairatzen dutena. Eta bitartean, polizia, etxean gizagaixoak hartzen edota kalean goxatzen dituztenen aurka, Irunen, Hazparnen eta Guardia Zibil eta Jendarmeek giza aduana bilakatua duten Bidasoaren ertzetan. Halakoetan, zalantza sortzen zait ez ote litzatekeen birdefinitu beharko kontzeptua. Ez ote den gurea pobrezia: halakoak gertatzen uzteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.