Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Erresilientzia

2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun

Nafarroako Tronu Demaren amaieraren zain gaude jarraitzaile asko. Ados, gurean ez dago ahotik sua botatzen duen herensuge hegaldunik —Ana Beltranek Madrilera egin du hegan— eta egia da bertako zonbiek ez dutela —oraingoz— negu etengabea ekartzeko asmorik, nahikoa baitute kontent egoteko —lerrook idazteko unean— «pertsona normalak» sortuko dituen Erdi Aroko eskola-eredua ezartzea. Baina trama nafarrak ere baditu interesa pizteko hainbat osagai: esaterako, heroi foral ezkertiarren jokabidea Game of Thrones-ekoena bezalakoa da, elkar jotze eta adiskidetze gurpil ero mugagabea; eta, ororen gainetik, denok gaude garailearen izena ezagutzeko irrikan.

Oraindik ez dakigu nor izanen ote den irabazlea; zenbaki hotzek adierazten dute, ordea, nor diren galtzaileak. Kalkuluei men eginda, galtzaile litzateke, adibidez, eskolan kultura berdinzalea eta sexu indarkeriaren aurkako kontzientzia zabaldu nahi duena; sistema publikoan sinisten duen lagunak ikusiko luke —aritmetikaren arabera— turbokapitalismoaren morroi baten ipurdiak berotuko duela tronua; eta euskaraz normaltasunez bizi nahi duenak ohi baino oztopo gehiagori egin beharko lioke aurre bere helburua betetzeko.

Hala ere, nahiz eta tarte asaldagarriak heldu diren, arnasguneak ere izanen ditugu. Iruñeko Karrikiri elkarteak, adibidez, garai ilunagoetan ere erakutsi digu euskaraz bizitzea eta euskal kulturaz gozatzea posible dela. Karrikiriko militanteek-eta, besteak beste, Euskalerria Irratikoek, Zabaldikoek, Sustrai Erakuntzakoek, Katakrakekoek, Sortzen-ekoek eta Iruñeko auzoetako zein Nafarroako herrietako hainbat eta hainbat kolektibotako kideek—zerrenda luzea baita— badakite posible dela egoera latzari aurre egitea, dagoeneko lehengo estualdiei aurpegi emana dietelako; ahalegin handiz, bai, baina egina. Zenbakiak zenbaki eta azken ataleko garailea zeinahi den ere, Nafarroako biztanleriaren zati handi bat ez dago galtzaile izateko prest.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.