Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Testosterona

2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Josep Fontanak kontatzen du XVII. mendeko bigarren erdiko Kataluniako enpresari nabarmenenak botikariak eta handizkako merkatariak izan zirela. Konpainia nagusiak izan ziren Bartzelonan eta hiriaren politikan paper zentrala jokatu zuten, baita Kataluniako ekonomia politikoaren eratzean ere. Ez da harritzekoa handizkako merkatariena. Baina are ulergarriagoa da botikarien tokia. Botikak osasuna direlako. Baina badute epikurearrak ez diren beste ongizateekin lotura ere bai. Gure identitatearekin zerikusia duten tresnak eta substantziak saltzen dituzte.

Duela bederatzi urtetik finasterida kontsumitzen dut egunero. Farmako antiandrogeniko bat da. Testosteronaren eragina baretzen du dosiaren arabera. Zhoe ile apaindegiko Rauli esker jakin nuen substantzia honen berri. Antza, 3-4 gramorekin prostatako minbiziari aurre egiten diote. Jabetu ziren, dosi txikiagoekin, lor zitekeela gizonen alopezia, aldi batez, atzeratzea. Egunero finasterida gramo bakarra hartzeak, ordea, badauzka albo kalteak. Raulek ongi azaltzen ditu. Bularrak handitzen ahal zaizkizu, sexu grina gutxitu ala gal dezakezu, bularreko minbizia sor dezake, eta depresioa. Gizon izateari uzten diozu: ez burusoiltzea da efektuetako bat.

Boris Groysek idatzi bezala, Jainkoa hil osteko munduan diseinuak dimentsio etiko bat dauka. Diseinuak etika estetika bihurtu du. Ilea buru gainean izatea afera formal bat da. Aurpegiari muga bat ematen dio gainetik. Horregatik da funtsezkoa. Eta estetika, gaur egun, etika denez, obligazio batzuk dauzka. Ez dira erlijioak jartzen dizkizun berdinak, baina autodiseinua, nork bere gorputza eta emozioak kudeatzea, badira gaur egungo diseinu arauak. Horregatik, ziurrenik baita eztabaida publikorako, hobe litzateke masiboagoa izatea finasteridaren kontsumoa gizonentzat.

Baina. Handizkako merkatariak ez dira ergelak. Eta merkatu prezioan hiru bider garestiagoa da 1 g erostea 3 g erosi beharrean. Horregatik eman behar da botikari onarekin: berak egingo dizkizu 90 pilula 43 €-ren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.