maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Plastikoen iraultza

2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Bortzirietako eta Baztango emakume ugari bezala, gure amatxi Lapurdin aritu zen neskato lanetan gaztaroan, Donibane Lohizunen eta Ziburun. 1950eko hamarkada zen, frankismopean zen Hego Euskal Herria. Eta lehen aldiz galdegin nionean Ipar Euskal Herrira joatean zer berri atzeman zuen, harriturik gelditu nintzen erantzunarekin. Nire irudimenak espero zituen aldaketa sozialak, emakumeen janzkera eta orrazkera ezberdinak, bertzelako ohiturak edota tramankulu teknologiko aurreraturen bat. Baina ez, amatxik eman zidan erantzuna hori baino sinpleagoa zen, itxuraz: pixka bat pentsatu eta gero, «plastikozko poltsak» bota zidan, bertzerik ez. Bai, jaun-andere eta ez-definituok: plastikozko poltsak.

Orain, altxatu begiak egunkari-paper edo artikulu hau irakurtzen ari zaren dena delako gailu elektronikoko pantailatik, eta egin ezazu inguruan ikusten duzun guziaren inbentarioa: zerk dauka plastikoa, eta zerk ez? Nik oraintxe ditut ordenagailua bera, jan berri dudan jogurtaren potea, ileko goma bat eskumuturrean, irratia eta bere kablea, supizteko bat, ordularia, zakar kubo bat, esne tetrabrik bat, sakelako telefonoa, olio botila bat, gatz poltsa bat, bi tuper bai, sukaldean nago, auskalo soinean daramadan arropak zenbat plastiko duen... Eta eskerrak bizi naizen etxea hagitz zaharra den, eta apenas dagoen plastikodun altzaririk.

Itsasoa (ia plastikoa idatzi dut) plastikoz beterik dagoela diote zientzialariek. Eta sinetsi egiten diet; zerrendatu dituzun, kasu egin badidazu, eta ditudan gauza gehienek dutelako iraungipen data bat; (programatuta) hautsiko direlako, edo zakarretara (onenean edukiontzi horira) botako dituzulako barnean dutena erabili bezain laster. Kosta egiten zait irudikatzea nola bizi ziren horiek guziak gabe. Baina are gehiago kostatzen zait ulertzea nola lortu dugun itsasoa plastiko bilakatzea 60 urte exkaxetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.