Blanca Urgell
LARREPETIT

Harrapariak

2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Xavier Planas Batlle 2013an ezagutu nuen. Xavierrek frogatu nahi zuen Pirinioetako l'Hortó, Hortell eta antzeko toponimo katalanak ez direla latinetik hartuak, gure ortua legez, baizik eta euskal lurte/lurta-rekin lotuak, hots, luiziaren Erronkari, Zaraitzu eta Zuberoako izenarekin. Nafarroan ere Lurta eta Las Lurtas izenak daude, eta Aragoin amiltzeari eslurtarse esaten omen zaio, hitza aspaldi ekialdean arras hedatua zen seinale. Antzinako hizkuntza ahaztuta, bertakoek lurte artikulua baileukan berranalizatu bide zuten, l'urte alegia, eta gero, urte zer zen asmatu ezinik, ortu-rekin lotu zuten. Izan ere, ortu direlako horiek nekez lirateke ortuak, lur egongaitzetan baitaude, sarri goi-goian, eta lurra noizbait jausi izana antzematen zaie.

Luperia, lurretena, lubekeria... izen ugariek garbi adierazten dute luiziak mendebalderagoko mendialdeetan ere non-nahi ezagun direla, Getaria eta Zarautz arteko N-634koak lekuko. Alabaina, ostegunean, hilak 6, arratsaldeko 16:00ak jota izan zenak ez du izenik gurean. Ez baita luizia, lubizia, lur bizia, zabor hila baizik. Zabor hiltzailea.

Ni neu, eroso asko bizi naiz zabortegiak daudelako, dagozkienen eskuetan utzita euren kudeaketa. Itsu eta gor izan naiz. Baina zer diren gauzak: lurra ez da isildu, ez dit lasai segitzen utzi. Entzun dut burrundara, ikusi dut lurra eteten eta langile bi irentsi dituen lur biziaren aldapa behera ero eta krudela.

Hementxe, bere buruari Lehenengo Mundua deritzan esparruko lur pribilegiatu harro honetan, non, antza denez, dena ondo dabilen Espainian dena txarto dabilen bitartean, kontrolik gabeko zabortegi bat bera ere egotea asko da. Gehiegi da. Lehengoan Enbeitak idatzi zuen lurrak ez dituela sekula arduradunak azpian harrapatzen. Ea guk harrapatzen ditugun, bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.