Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Azken gotorlekua

2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Euskal herritarrok, oro har, ez dugu aise erakusten etxea, uzkurrak izan gara horretan. Gure leku sakratua da, gu geu izan gaitezkeen ia toki bakarra. Esan genezake aukeratuak baino ez direla sartzen etxera: maite ditugunak, ustez maite ditugunak, eta agian, maiteko ditugunak. Etxea txukuntzen dugu gonbidapenari baiezkoa eman dion norbait datorrenean eta soilik oso etxekotzat ditugunek ezagutzen dute benetan gure etxea.

Egunotan, derrigorrezko etxeratzea dela eta, gu denon etxeak zabaldu ditugu lau haizeetara. Uzkurtasuna, brast!, jausi zaigu. Bideo deien bidez ikusi ditugu ezagutzen ez genituen lagunen etxeak, baina baita ezezagunen etxeak ere. Izan ere, orain arte kamera edota mikrofono baten aurrean hitz egiten zuenak orain sakelako kameraren aurrean egiten du. Telebistan edota sare sozialetan agertu diren hamaika lagunen etxeak denon bistara geratu dira, horrela, kolpean, etxe hori ezagutzeko ezelango casting-ik pasatu barik. Zuk zer begiratzen duzu ezagutzen ez duzun etxe batean sartzean? Nik gauza bi: liburuak eta koadroak. Horiek ematen didate etxe horren bizilagunaren neurria. Egunotan, esan behar dut nire baitan bizi den kuxkuxeroa gozatzen ari dela batzuen liburutegitzarrak ikusten, edota hustasunak, edota maite ditudan eta ez ditudan margolarien lanak ikustean. Aitortu behar dut mezua galdu dudala, alegia, etxeko jabearen mezua galdu dudala, ez berriz, beste mezu hori, eman nahi ez duzuna baina ematen duzuna jabetu barik. Tira, ez dut esan, baina landareetan ere jartzen dut arreta. Baina gutxi ikusi ditut, iruditu zait gehiago erakutsi nahi izan ditugula liburutegi eta margolanak landareak baino. Agian horixe da orain geldituko zaigun azken gotorlekua, gurea baino izango ez den eremua, maite gaituztenek baino ezagutuko ez dutena: etxeko landareak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.