Albistea entzun

LARREPETIT

Zoin gaitzikorra zaren

Nora Arbelbide Lete -

2020ko azaroak 27

Erranen dugu hurbileko bati gertatu zaiola. Erranen dugu Euskaraldi garaia hurbiltzen ari zela gertatu zitzaiola. Erranen dugu dela pertsona bat kontzientzia ezin zorroztuagoa duena. Arnasguneak, ariguneak, diglosia egoerak, hizkuntza eskubideak, elkarrizketa elebidunak, alfabetizazio kontuak, euskalkiak, ergatiboak, mugagabe kontuak, euskarawashingak eta Enbata zikinak. Erranen dugu hori dena eta gehiagokoaz ere jabetua dela.

Arigune batean ari da lanean delako hurbileko hori. Arigunea izatea nahi duen gune batean. Behin hori erabaki eta, txapen hautatzeko ordua iritsi zelarik —Belarriprest ala Ahobizi?— orduan arduradunak dudak agertu zituen. Arigune izateko arazorik ez. Euskaraz hitz egin nahi duenak, hitz egin dezake. Langile euskaldunak ukanen ditu parean erantzuteko prest. Zerbitzua optimizatua. Zein ongi. Aldiz… aho bizi izateko aukeraz dudak. Galdezka.

Zer da Ahobizia?

Ba, Ahobizik «Egun on!» erranen duela automatikoki. Belarriprestak agian «Bonjour!», baina gero, parekoa euskalduna bada, ulertarazten ahalko dio pareko horri euskaraz segitzen ahalko duela.

«Egun on!» automatikoki? Jakin gabe parekoak euskaraz badakien ala ez?

Bai, hori da ideia.

Baina parekoak ez badaki?

Egun on bat da, lasai...

Baina parekoak ez badaki euskaraz? Gaizki har dezake. Nik uste, ez da egokia.

Beraz, ezin Ahobizi izan?

Ez, hobe ez.

Gaizki har dezake. GAIZKI HAR DEZAKE.

Ez da ohartu ere erran horrek bere baitan daraman guztiaz, delako arduraduna. Txarrena da ez duela esplikatu beharrik izan ere. Lagunak aspaldi ez du «Egun on»-ik erraten, horren beldur preseski. Gaizki hartze horien enpatiaz. Ongi ikasia. Amildegia sakonegia. Indibiduoa bere bakardadean. Zilegitasun guztiak erantziak izanak direnean, biluziegi. Hori da boterea. Batzuek beste batzuek baino eskubide gehiago dute gauzak GAIZKI HARTZEKO.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.