Samara Velte.
LARREPETIT

Hemeroteka ariketa bat

2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Akordatu egunarekin», abisatu zigun egunkari honek duela ia hamar urte: «2011ko urriaren 20ko iluntzeko zazpiak. Muammar Gaddafi atzoko egunez hil zutela ahaztuko dugu noizbait, baina ETAk jardun armatua uzteko erabakia noiz jakinarazi zuen, ez. Urte batzuk barru, urteurrenari buruzko erreportajeetan, atzoko egunez non, norekin eta zertan ari ginen galdetuko digute».

Eskerrak prentsako efemerideak dauzkagun memoria freskatzeko; bestela, zalantza daukat zenbat jende oroituko ote zatekeen Aieteren hamargarren urteurrenaz. Familietan behin eta berriro kontatzen diren istorioen antzera, gure memoria kolektiboak ere behar du aldiro elikatuko duen kontakizun bat: «Hau gertatu zen, garrantzitsua izan zen, han geunden».

Batzuk saiatu ziren bere unean garrantzi hori ulertarazten, beste batzuek lehen egunetik balioa kendu zioten arren: El País-eko komiki tira batean, hiru etakide antzezpen bat egiten ageri ziren, Gernika koadroko pertsonaiei «beste aldera begiratzeko» eskatzen zieten bitartean. «Liturgiaz» mintzo zen orduan Espainiako ezkerraren erreferentziazko egunkaria, «Brian Currin eta errekrutatu dituen pertsonaien» sinesgarritasuna zalantzan jarriz. «Donostiako Zinemaldia» deitu zion El Mundo-k Aieteko konferentziari. ETAk hildakoen zerrenda luze eta esplizitu batek eta hautsitako negoziazio-prozesuen bilduma batek osatzen zuten informazioa. Inor gutxik ikusi zuen une hartan konponbiderako atea zabalik.

Hitzak, narratibak besterik ez dauzkagu iragana gurera ekartzeko, harekin ibiltzen jarraitzeko, hartatik ikasteko. Kontatzen ez dena bidean geratzen da; deslegitimatzen dena memoriaren zaborrontzira doa, edo gezur batek ordezkatzen du: gogoratu, bestela, «Euskal Herriko separatisten aurkako gerra luzea bi aldeetako negoziazioei esker» amaitu zela argitaratu zuela The New York Times-ek, ETAren alde bakarreko iragarpenetik hiru urtera.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.