Ander Perez Argote
LARREPETIT

Lehorteaz

2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Euskal kulturari buruzko txio-hari berean agertu zaizkit buruan bueltaka gelditu zaizkidan bi kontzeptu: Sortzaileen inflazioa, bata, eta hartzaileen hazkunderik eza, bestea. Lehenengoak aspalditxo lagunarekin izandako solasaldira eraman nau: nola sortzaile kategorian ia edozer sartzen bukatu dugun, nola puztu dugun halako aura bat emanez. Bigarrenaz ez nuen orain arte hain zuzen hausnartu, nahiz eta, ongi pentsatuta, kontu agerikoa den: euskal kultura sortzen dutenen proportzioa hazi da, baina ez da berdin pasatu sorkuntza hori kontsumitzen dutenen kopuruarekin. Juan LuisZabalak ekarri ditu gogoetak.

Egun berean, kultur sorkuntza bultzatzeko pare bat beka deialdiren berri ere izan dut: Durangoko Azokarena —familia barruan kultur transmisioa bultzatzeko—, eta musika sorkuntza bultzatzeko EHZk, Elkarrek eta Antxeta Irratiak deitu dutena. Sentsazioa dut azkenaldian halako gehiago ere iritsi zaizkidala. Eta ongi etorriak denak, horiek eta gehiago.

Aldi berean, euskal kulturan eragile izango direnak formatzeko masterra eskainiko du Huhezik heldu den ikasturtean —aski interesgarria, portzierto—. Besteak beste, herrigintzan kultur eragile izango direnak trebatzea du helburu. Iruñeko kultur proiektu batean dezentetan izan dugun eztabaidara joan zait burua: ez ote gabiltzan gure kultur eragiletza programazio terminotan bakarrik ulertzen, ez al dugun balekotzat ematen agenda ekitaldiz bete eta publikoa hurbildu dadin itxaroten gelditzea. Nahiz eta etorriko direnak, gehientsuenetan, berberak izan.

Eta badakit ez dagoela herrigintza aparraldian. Konformatuko nintzateke, beste arlo batzuetan egiten dugun bezala, azaletik mamira joateko saiakera egitearekin.

Lehorte bete-betean, uztarik ez jasotzeko agindua eman du Nafarroako Gobernuak beroaldi handiko egunetarako. Zalantzan nago euskal kulturarekin paralelismoa egin ala ez. Uzta egon badagoelako. Kontua da noren artean banatu ba ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.