Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Uda

2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Urtean behin eguzkia Lurraren zeruan zenitera iristen da, hau da, ekiak bere posiziorik gorena hartzen du, eta horrek gure ipar hemisferioan dakarren ondorio ikusgarriena egunaren luzapena da. Egunak luzeago eta itzalak laburrago diren garaia dugu. Udako solstizioan gu baino handiago den ziklo natural baten partaide garela agerian geratzen da. Hortik datorke historian zehar egun horrek hartu duen garrantzia, baita kultura gehienetan horri loturiko ospakizuna ere.

Sanjoanak dira dudarik gabe guretzat bestarik ezagunenak, ekainaren 23ko gauean bizirik dirauen suak piztearen usaia. VI. mendean kristautu zen ohitura zaharra, Elizak ongi baitaki herrien antzina-antzinako kultu zaharrak bereganatzen. Eskandinaviar eta zelta kulturetan atzeman daitezke gisa bereko ezaugarriak: elementu nagusiak sua (eguzkia) eta natura (uzta, jainkoak) dira, argiaren garaipena baita ospatzen dena, naturaren sagaratzea hots.

Zeltentzat, Litha-ren besta maitasunaren, babesaren eta sendaketaren adierazlea da. Su handiak pizten dira, inguruan dantza egiten da, eta kabalak bi suren erditik igaro arazten dira emankor bilaka daitezen. Antzina, udako solstizioaren garaian ospatu ohi ziren ezkontza gehienak, eta eztizko ilargiaren ohiturak horretan duke jatorria: eztia biltzeko garai egokia zenez, ezkongaiei ematen zitzaien ezkondu aurretik, babesa eta emankortasuna ekarriko zielakoan. Zelten usteen arabera, udako solstizioan munduen arteko beloa arras mehea da, eta ondorioz «populu txikia» (aztiak, izpirituak...) topatzeko parada ematen du. Halaber, gatazkatsua ere izan daiteke solstizioaren garaia, Haritzaren Jainkoa (hazten ari den urtearen Jainkoa) eta Gorostiaren Jainkoa (beheiti doan urtearen Jainkoa) gudukatzen baitira.

Druidek erritu ugari egiten zituzten naturaren ohoretan, belar «magikoak» bilduz. Zelten errituak aipatzean, ezin ahantzikoa da Stonehenge, non uda oroz milaka lagun biltzen baita bertara udako solstizioaren arabera lerrokatua den monumentu megalitiko zirkularraren erdira argi-hastea agurtzera.

Bikingoentzat udako solstizioa epaiketak eta gatazkak konpontzeko garai egokia zen. Azpimarratu behar da hemisferioaren iparrean kokaturiko herrialdeetan, eguzkia ez dela batere sartzen data horretan. «Gauerdiko eguzkia» deiturikoak gaur egun ere turismo galdera ikaragarria sortzen du, Islandian batez ere.

Egiptoarrentzat, berriz, udako solstizioak urteko lehen eguna markatzen zuen, Niloren urak haztearekin batera.

Txinan udako solstizioa neguarenaren osagarri gisa ikusia zen: negukoak zerua, artasuna eta yanga ospatzen zituen; udakoak, ordea, lurra, emetasuna eta yina goraipatzen zituen. Usadioetan zaharrenetako bat hauxe: bikoteek suen gainetik jauzi egiten zuten, urteko uzta norainoko altuerara iritsiko zen igartzeko gisan.

Amerikar kontinentean, maien eta azteken kulturen erritualez gauza gutxi dakigu, eta eraikinak dira egun horrek zuen garrantziaz mintzo. Tenplu eta eraikin anitz eraikiak izan dira fenomeno astrologikoek eta udako solstizioak proiektaturiko itzalen arabera.

Eta historiaurrean, leize apainduen kokapenak badu jakin-mina pizteko arrazoirik. Chantal Jègues-Wolkiewiez arkeologo eta astronomoak harpeetako sarrerak solstizioen eta ekinokzioen arabera kokatuak direla dio.

Ez al da ederra pentsatzea munduko txoko desberdinetan une jakin batek lotzen gaituela lurtar guztiok? Une jakin batek eta naturarekin bat egiteko gaitasunak batzen gaituela ohartzea kontsolagarria ez al da?

Ederra da une berean eguzki beraren parean dantzan ari garela sentitzea, su beraren gainetik jauzi egin eta inguruan dantzan ari garela, lotzen gaituen zirkuluan bildurik.

Dantza egiten duen herria ez omen da hiltzen, dantza egin dezagun beraz, erdizka ez baina, bete-betean dantza dezagun bizitza!

Uda on denoi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.