Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Master and Commander

2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Sorpresarik ezean 2018an gaztelaniazko popak emango duen lan borobilenetakoa izango da Nacho Vegasen Violética. Vegasek ez luke musika eskolako lehen hezkuntzako abesbatzan kantatzeko gaitasunik. Bere diskoan funtsezko lau esku egon dira. Bi Joseba Irazokirenak: ez dakit ze titulu izango dituen eta zein kontserbatoriokoak, baina bere bertutea ezin da zalantzan jarri. Zer esanik ez Abraham Bobaren teklatuez eta, esango nuke, Vegasen hitzetan ere sartu duela eskua. Badu masterrik literaturan? Nor ez da literatura solasaldi batean egon non harakinak egiten dituen ekarpen handienak eta literaturan tesia egin duen unibertsitateko doktoreak hobe zukeen isilik geratu (literaturarekin bussiness-a egin du: baina literatura bost axola zaio).

Politikan berdin. Zeren doktoretza tesia egin zuen Salvador Allendek? Eta Alexandra Kollontaik —historiako lehenengo emakume ministroa—? Valentina Terexkova, kosmosera joan zen lehenengo emakumea gazte hasi zen paraxutarekin herriko Aeroklubean. Zortzi urterekin joan zen eskolara, hamaseirekin utzi zuen eta korrespondentziaz ikasi zuen. 22 urterekin egin zuen lehenengoz jauzi: ehungintzan lan egiten zuen oraindik. Egin zuen masterrik? 16 urterekin erbesteratu zen Rosa Luxemburg Suitzara, han unibertsitatera joan zen baina, eraldaketak eman duen burmuin behinenetakoak idatzi zuen akademiarentzat? Ala jarri zuen bertute intelektuala iraultzan pentsatzeko eta prentsarako idazten?

Bistan da Marxek baietz,Epikuroren gaineko tesia egin zuela. Baina antipodetan dago antzaren gizartea, itxurarena, ikuskizunarena, Epikuroren plazeretik eta Karl Liebknechten iraultzatik. Beñat Irasuegik dioen bezala, «goizeko langileen tabernetan, masterren prestigio soziala zero da ia. Bagenekien masterren balioa truke balio hutsa dela». Jakintza, bertutea eta pasioa ez da unibertsitatean ikasten ahal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.