Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Zorion handiegia

2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Artikulu tristeak idazten ditudala ohartarazi dit lankide batek, «Hi, konta ezak zerbait alai hire zera horretan, albiste onak ere izan baitira, kontxo!». Ez zaio arrazoirik falta, nire zera horiek berrikusita egiaztatu baitut orain arte idatzitakoa iluna dela. Aginduari men eginda, berri alaiak bilatzeari ekin diot. Lan nekeza eta ikerketa sakonaren ondorioz, etxera bizipoza ekarriko diguten bi berri atsegin bildu ditut. Biak, gainera, hezkuntza arlokoak dira, lankidearen zein, noski, nire lan esparrukoak.

Lehenengoa, barka, zutabe honetako muga geografikoetatik kanpo aurkitu dut, Madrilen. Bekatua arintzeko alegatuko dut protagonista, Isabel Celaá Espainiako Hezkuntza ministroa, euskalduna dela. Hezkuntza kontseilari ohiaren esanetan, Espainiako monarkia parlamentarioak Saudi Arabiako monarkia monetarioari saldu dizkion 400 bonbek ez dute yemendarren hilketarik eraginen, zehaztasun handiko armak direlako. Pozteko arrazoi anitz bildu dira Celaáren esaldi bakarrean. Algarak eta txaloak nonahi sortuko dira Saudi Arabiak ez duelako hemendik aurrera yemendarrik hilko, eta bozkariozko negarrak Espainian zein Euskal Herrian ekoitzitako arma zehatzetan zehatzenek triskantzarik eginen ez dutelako. Are hunkigarriago, nork ez ote luke negarrik eginen hurrengo belaunaldien zoru etikoa Isabel Celaáren gidaritzapean finkatuko dela jakinda?

Bigarrena etxekoa da. Uxue Barkos Nafarroako presidenteak jakinarazi digu ikasturte berria «eraldatze digitalarena» izanen dela. Zorionekoak gu! Aurrerantzean departamentuko historiaurreko ordenagailuek ez digute segundorik galaraziko eta ez gaituzte gure onetik aterako, martxan ez dauden fotokopiagailuek fotokopiatuko dute eta lehenengo iraultza industrialeko inprimagailuek inprimatuko.

Agindua betea, idazki bukatu berriak zorion handiegia sortuko duelakoan, heldu den astean betiko zera goibeletara itzultzea erabaki dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.