maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Frantsesa

2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
Bati baino gehiagori entzun izan diot Ipar Euskal Herrira joatean arrotz sentitzen dela. Ez bakarrik otorduen ordutegiengatik eta etxeen estetikagatik. Seinaleak eta herritarrak, frantsesez ari zaizkielako oro, sentitzen dira arrotz. Bitxia zen niretzat hori, hasieran: ez baitut sekula arroztasunik bizi izan Bidasoaren alde batean zein bertzean. Nire hizkuntza ez izanagatik, naturalki entzun eta ikasi izan dudalako txikitatik frantsesa, gaztelerarekin batera. Eta Hego Euskal Herrira joateak ere ez didalako inoiz arroztasunik sortu, gaztelera hutsean hitz egiten entzunda ere.

Ni bezalako batzuk salbu, jende gehienak sentitzen du hori, ordea. Alegia, Euskal Herriko parte batera joan, eta belarrira alemaniarraren edo txinatarraren pare zaien hizkuntza bat entzutea. Bereziki, Hego Euskal Herriko gazteek Ipar Euskal Herrian; ez hainbeste alderantziz. Horren froga: unibertsitatean frantsesezko izenen bat edo hitzen bat agertzen zaigunean testuren batean, niri eskatzen didate irakurtzeko, eta besteei irrigarri ere egiten zaie nola ahoskatzen dudan ikustea.

Nire guraso goi nafarrei ez zitzaien halakorik gertatzen.Eta ez nazio kontzientzia handiagoa zeukatelako: eskolan,txikitatik, ingelesaren partez frantsesa erakusten zietelako baizik. Gaur egun, Hego Euskal Herriko zein gaztek ikasten du frantsesa eskolan? Eta, ikastekotan, nola?

Horri gehitzen badiozu Ipar Euskal Herriko euskararen egoera ez dela batere ona, hein bat normala da arrotz sentitzea donostiar bat Baionan, ala? Eta, egia da: onena litzateke euskararen egoera bera hobetzea. Baina, bitartean, eta EAEn hezkuntza legea eztabaidatzen ari direla ez al genuke hobe Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Arabako eskoletan frantsesa irakatsiko bagenie umeei? Ez genuke egoera irauliko, baina, behintzat, euskal herritarren parte bat ez litzateke sentituko Euskal Herriaren beste partean arrotz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.