Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Diktadura eraginkorrak

2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Kazetariei lana sano errazten dien sugea du ahoko zuloan Alfonso Guerrak, agerraldi bakoitzean titular bat baino gehiago uzten duena. Eta bere garaian adierazi zuen bezala esker txarrekoa dela erregea zabortegira botatzea elefante bat hiltzeagatik Afrikan edo konparatu Carles Puigdemont Antonio Tejerorekin, halaxe formulatu du prentsaren aurrean askok lagun artean baldarrean darabilena, alegia, diktaduretan dena ez dela okerra: «Madurorenak ezertarako balio ez duen bezala, badira ekonomikoki eraginkorrak diren diktadurak». Argiago gera dadin, adibidea ere utzi du, Augusto Pinochetena Txilen.

Ausardia, ezin zaio ukatu. Pinochet haginka aritu zen hamazazpi urtean 3.200 lagun desagertu ziren, 80.000 atxilotu zituzten, milaka izan ziren torturapean txikitu zituztenak. Eta bai, Milton Friedmanen eskolako aholkulariei jarraiki, sindikatuak debekatu eta ekonomia erabat liberalizatuta hasierako urteetan«Txileko miraria» obratu bazen ere, laster heldu zen hondamendia. Jende xehearentzat, noski. Jeneralak eta bere emazte Lucia Hiriartek oraindik oinordekoek itzuli ez duten milioika dolarreko ondarea oheperatu baitzuten.

Ez dakit bere katalogazio partikularrean zein ataletan sartzen duen Guerrak Francorena, berak hain gogor borrokatu zuen hura, Trantsizioko Kulturak esatera. Nolako betaurrekoak halako begirada, Francorekin ere miraria iritsi baitzen Espainiara. Enpresa handiak nazionalizatuta, baliabide estrategikoak espekulatzaileen atzaparretatik libre, autogestioaren eta autarkiaren bidez asmatu zuen apurka-apurka kontsumitzeko beste irabazten hasi zen klasea sendotzea eta bere neurrian konformidadean sentitzea.

Ahokaden maisu, txokatu egin nau nolatan ez duen kazetarien aurreko agerraldia euskaldunoi aski ezaguna zaigun disjuntibarekin amaitu: «baina zuek zer nahi duzue, askatasunean erdipurdi ala diktadura eraginkor bat?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.