Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Baleak

2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Errusiako Srednyaya badiako ur hotzetan, piszina txikietan, ziegatuta daude ehun bat orka eta beluga balea. Euren egoera oso latza da, metro koadro gutxian elkarren alboan mugitzeko espazio urria dute. Posta bidez Greenpeace elkarteak bidali didan argazkian ikusi dut ugaztun liluragarri hauen lakarra. Aske zirenean atzeman eta igerileku txiki horietan sartu zituzten; ostean, Txinari saltzen ei zizkioten nahiz eta, legez, xede zientifikorako baino ezin omen dituzte giltzapetuta eduki. Ugaztun hauek egunero 100 bat kilometro egiten dituzte, besteak beste, hotzari aurre egiteko. Izan ere, mugimendu horrek ahalbidetzen die hotzari bizkar ematea. Giltzapetuta daudenetik hipotermiak hil ditu zenbait balekume. Nazioartean kanpaina abiarazi dute Errusiako Gobernuari animaliok aska ditzan eskatzeko. Honetan Hollywoodeko izar distiratsu batzuek ere parte hartu dute. Denak, baina, ez daude liberatzearen alde. Euren zaintzaile edo entrenatzailea izan denak, Andréi Nasónovek dio dagoeneko otzandu egin dituztela eta askatuz gero hil egingo direla. Dagoeneko 900.000 gizon-emakumek ugaztunok aska ditzaten eskatu dute.

Orkarik ezagunena, ziurrenik, Keiko izan zen, Free Willy filmeko protagonista. Hura ere gatibutzan bizi izan zen, eta pelikularen arrakastaren ostean askatzeko presioaren eraginez libre utzi zuten. Ordurako Keiko, baina, ez zen bere kabuz bizitzeko gai, eta hil egin zen. Edo apurka-apurka hil egin genuen guk. Tilikum-ek ez zuen hainbesteko zorterik izan. Gatibutzan hil zen orka hau, baina aurretiaz hiru zaintzaile hil zituen. Metro koadro gutxi batzuetan harrapaturik egoteak zoratu egin zuen. Itsasoko ugaztunekiko lilura aspaldikoa da. Orkak, era guztietako baleak, marrazoak, edota izurdeak maite ditugu. Argentinan hondartza ertzean izurde kumea hil zuten, selfie-ak ateratzeko eskurik esku pasa ondoren. Ez esan, gero, gizakia izaki zoragarria ez denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.