Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Nagasaki

2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Espioitza istorio bat kontatzen du Red Joan filmak, maitasun erromantikozko afera batekin gatzozpindua. Gazte garaian, II. Mundu Gerran hasi eta ondorenetan, sobietarrei informazioa pasatu izanaz akusatzen dute hamaika urte geroago britainiar andre edadetu bat. Filma Melita Stedman zenaren bizitzan oinarriturik dago, zeina 30 urtez baino gehiagoz aritu baitzen KGB hornitzen energia nuklearraren inguruko britainiar ikerketaren aurrerapausoekin. Inor ez mintzea xede duen film epelean, protagonistak dio ez ziola bere aberriari traizio egin nahi, ezagutza konpartitu baizik, garai hartako potentzia guztiak informazio eta teknologia beraren jabe izan zitezen eta elkar suntsitzeko erabil ez zezaten.

Aste honetan bertan, Washingtonek beste urrats bat egin du Pekinekin duen lehian, AEBetako enpresei Huaweirekin harreman komertziala izatea debekatuta. Espioitza argudiatu du Trumpek erraldoi txinatarra zerrenda beltzean sartzeko. Google izan da agindua betetzen lehena, eta, ondorioz, telefono marka kinka larrian jarri eta horren erabiltzaile guztiak kezkaturik utzi ditu; eta ez dira gutxi, telefono konpainiak merkatu kuotaren %19 omen baitu. G5 sarearen nagusitasuna nork lehenago eskuratu ari dira lehian superpotentziok, eta gerra komertzial horren baitan ulertu dute askok betoa. Txinak esan du prest zegoela gisako erasoetarako, eta aski baliabide badituela aurrera egiteko; nola erantzunen duen, oraingoz, ez dakigu.

Batek baino gehiagok lehenengoz sentituko zuen superpotentzien lehia bere larruan, sakelakoa ukitu diotelarik. Bonba atomikoa nola sortu badakiten honetan, datu-bilketaren eta teknologia digitalaren arloan nagusitzeko borrokan ari dira. Ezagutza konpartitzearena sloganetarako utzi dute, edo, onenean, beste film korrekto baterako. Bidean, zenbat Hiroshima (hau da Hiroshima mon amour) beharko dira?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.