Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Aralde

2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Literatura zale garenontzat liburu denda bat zerbait berezia da. Norberarekin egoteko unea eta harrapatuko zaituen istorioaren hautaketarako erritual ia sakratu bat da. Jorge Luis Borgesek zioen paradisua liburutegi bat bezala irudikatzen zuela; hala ere, nik beti nahiago izan ditut liburu dendak, zaharrak eta berriak. Eta batez ere, liburuzainak maite izan ditut. Haur nintzela zalantza ia magikoa nuen, liburu saltzaileek dendan zeuden liburu guztiak irakurriak ote zituzten jakin nahi izaten nuen. Gurasoek liburu dendari bati galdetu zioten behin, ni lotsa-lotsa eginda utziz. Liburu dendari hura zintzoa izan zen: ez, ez zeuzkaten denak irakurrita, azken astekoak irakurtzeke zituen. Harrezkero liburu saltzaileak nire super heroiak izan dira, istorioz inguratuta bizi diren pribilegiatuak. Jakina: albaranak, itzuli beharreko liburuak, ordaindu behar diren fakturak, heltzen ez diren gutxieneko soldatak eta enparauek ez zuten irudikapen honetan lekurik. Gero Galizako Golpes Bajos taldea heldu zen bere «... garai txarrak lirikarentzat» harekin. Lekeitioko Aralde liburu dendan 38 urte eman dituzte Elbik eta Aintzanek. Lehengo erako liburu saltzaileak izan dira, liburuak eta istorioak maite dituzten horietakoak. Denbora, baina, ihesi doa kantatzen zuen Joxe Ripiauk, eta atzamarretatik ihes egin baino lehen erretiroa hartuko dute biek. Asteotako zalantza izan da: zer gertatuko da liburu dendarekin? Herria liburu denda gabe geldituko da? Zalantza-malantza honetan murgildurik bizi izan bazara, izututa egon bazara, lasai, izango du jarraipenik. Mutil batek hartuko du txanda pasa. Araldek jarraituko du liburu denda izaten, aldaketak dakartzan eraldaketekin, jakina.

Etorkizuneko lanbideen zerrendetan ez dago liburu saltzaileena. Beharbada jakituria infinitua izango duten androideek ordezkatuko dituzte. Horiek, baina, ez dira superheroi izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.