Samara Velte.
LARREPETIT

Zertan irabazi duen eskuin muturrak

2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Igandeko hauteskundeetako irudi batek hotzikara eragiten du oraindik: Voxeko agintariak balkoi batean vivaespañaka, 52 diputatuk eta 3 milioi botok —Euskal Herriko biztanleria osoak bezainbeste!— ematen duten zilegitasunean babestuta. «Kito», pentsatu duzu: «Normaltasunaren muga muturreraino tenkatu dute, eta barrura sartu dira».

Laclauri irakurritako zerbaitekin oroitu zara: politika esanahi zaharrak desegin eta berriak osatzeko lehia dela. Egia berriak sortu eta ezartzeko dema. Krisi momentuetan bihurtzen dira agerikoen norgehiagoka semantiko horiek: askatasunak eta demokraziak isla erreal gutxien dituztenean, zeri buruz ari garen zehazki ere ez dakigunean, saiatzen da alde bakoitza esanahiak bere eremura ekartzen; beste egoera batean kontrobertituak izan daitezkeen erabakiak justifikatzeko, edo lehen bazterrean egondako jarrerak eztabaidaren erdigunera ekartzeko.

Voxek lortu du, esanahiak bihurrituta, «diktadura progrea» esangarritasunaren eremura sartzea: nork eta Francoren erregimena esplizituki goraipatzen dutenek leporatzen diete besteei «askatasunaren aurkako erabakiak» hartzea. Arrazakeria «nazkatutako herritarren kezka»bihurtu da, eta betiko frankismoa, «alternatiba sozial-patriotiko» bat.

Esanahien dantza horrek paisaia politiko osoari eragin dio. Igandeaz geroztik, PPk «alderdi moderatu» gisara aurkezten du bere burua, eta Ciudadanos, bere galeran umilduta, «behintzat ez beste horiek bezain txarra».

Txarragoa den beste bat dagoen bitartean, beti da legitimoagoa honakoa. Esanahien batailak eremu batetik bestera egiten du jauzi, politikatik hedabideetara eta eguneroko bizitzara. Eta horrela, apurka-apurka, aldatzen doaz kontzeptu partekatuak, bizitza sozialaz hitz egiteko modua, harik eta gauza normala bihurtzen den arte urtero milaka gazte Europa iparralderaka galtzen dituen estatu batean etorkinak «diru laguntzez aprobetxatzera» datozela esatea; edota abortuak klandestinitatera egotzi nahi dituztenak«bizitzaren alde» daudela. Horretan datza, egiaz, eskuin muturraren garaipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.