Blanca Urgell
LARREPETIT

'9 1/2 weeks' (edo gutxiago)

2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
«Jainkoaren Semearen gizakunde oparoaren mila hirurehun eta berrogeita zortzi urtean izurrite anker eta hilgarri bat heldu zen Italiako hirien artean nobleenetarikoa den Florentziako hiri ospetsura, astroen indarrak eraginda edo Jainkoaren haserre zuzenak gizakioi bidalita gure bekatuengatik».

Horrela hasten da, esan gabe ere asmatuko zenuen, Boccaccioren Dekameron (c. 1350), hots, «hamar egunak». Asmatuko zenuen, halaber, zerk ekarri didan burura. Ezin geldirik egon eta Dekameron-etik Heptameron-era (1559) joan zait burua, Margarita Nafarroakoaren edo Angulemakoaren zazpi egunetara. Horretan batzuk Pirinio Garaiko Cauterets herriko termetan ur, bainu edota lokatz hartzen bildu dira eta, halako batean, «...Hain euri harrigarri eta handiak etorri ziren, ezen bazirudien Jainkoak ahaztu zuela Noeri mundua urarekin berriro ez suntsitzeko egin zion agindua».

Astelehenean, Gasteizko supermerkatuen apal hutsen argazkiak erakutsi ziren sare sozialetan. Ez apal beteenak, ordea, eta baziren asko. Asteartean pentsatzen dut apalak are hustuago egongo zirela argazki horien eraginez. Gaur zer berri? Zine forumera ausartuko? Bihar zer etorriko? Larunbateko txangora joaterik izango? Hipokondriatik axolagabetasunera goaz, kezkarik kezka. Zer okerragorik ezer argirik ez jakitea baino?

Ahalko banu, pentsatu dut onena litzatekeela bakartu eta hor konpon esatea, Boccaccioren pertsonaiek bezala, «oraingo ezbehar honi Zeruak zein irtenbide ematen dion ikusi artean». Aukeran, Kim Basinger eta Mickey Rourkeren antzera, baina, besterik ezean, despentsa donuts eta irabiakiz ondo beteta (atzo orga batzuetan ikusi nuenaren arabera, askok nik baino lehen pentsatu dutena), palomitak eskuan, mantapean filmak ikusten, biharko egunik ez bailegoan. Nork gure carpe diem-a antola dezagun, bada, ezagutu dugun mundua desegiten ari den... ari diren bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.