Blanca Urgell
LARREPETIT

Izainak eta beste

2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Nosferatu Drakula baino misteriotsuagoa iruditzen zait, Murnauren irudiengatik ez ezik, hitzaren izaera bereziagatik ere. Latinaren antza hartzen diot nik lehen begiratuan, baina ez nekike esaten nondik datorren.

Wikipediak dioenez, Bram Stoker-ek erabili zuen Drakula eleberrian (1897), gurean Xabier Mendigurenek itzulitako horretan (1993). Stoker-ek, ostera, Emily Gerard eskoziarrari zor omen dio, horrek Basoaz haratagoko lurra (1890) liburuan aipatu baitzuen lehenengoz-edo, banpiro-ren sinonimo gisa, Transilvanian igarotako denborari buruzkoak kontatzerakoan.

Nosferatu hitzaren jatorria ere misteriotsua da. Errumanieraz ez omen dago lekukotuta eta, beraz, baliteke berak-edo asmatua izatea. Halere, bat baino gehiago saiatu dira etimologia bilatzen. Adibidez, grezieratik, nosophoros 'gaixo eramalea' delakoan, banpirotasuna gaixotasuntzat harturik; horren aldeko inolako frogarik ez dago, baina noiz desanimatu du horrek etimologiazalea?

Latinetik errazago azal liteke, baldin eta nos-fera-tu zatituko bagenu, zu-piztia-gu bailitzateke, hots, «zu (zara) gure piztia». Egokia, ezta? Zer axola du horrek latinez zentzurik ez izateak? Halakok zioenez, ez diezaiogun utzi errealitateari hipotesi eder bat hondatzen.

Eta euskaraz, zer? Banpiro asko ote ditugu? Hauxe da gure lehendabiziko aipu ezaguna, Mixel Elizanbururena (1889): «Yuduak [...] Frantzian eta non-nahi, iduri dutelarik uxaranak eta banpirak [...] egungo sozietateari bere odol guziaren edaten, xukatzen» (1889). Hizkuntzaz ederra (erreparatu uxaranak horri, izainak alegia), ideologiak ideologia.

Halere, nahi nuke XIX. mendeko benetako banpiroren bat topatuko bagenu. Lazarragak artzain-nobela bat oparitu bazigun, ustez ustekabean, zergatik ez? Horrela, 1897 aipatzerakoan, Stoker-en alboan ez genuke Arana Goiriren Egutegi Bizkattarra soilik aipatu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.