Blanca Urgell
LARREPETIT

Zeltak euskararen herrian

2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Euskaran zeltatik datozen hitzak aurkitzea zaila izan arren, badugu pare bat garbi:dolmen eta menhir. «Zer diozu, Blanca? Horiek ez dira euskararenak: hor dituzu trikuharri, jentil-harri, mairu-baratze, harrespil eta beste». Barkatu, baina badira euskararenak: zaharrak ez, berriak baizik, Barandiaranek-eta etxekotuak, nazioarteko terminoak direnez gero: teknizismoak.

Gure-gureak dira Sorginetxe eta Aizkomendi-eta, baina hauek ere ez gureak bakarrik. Antequerako erraldoiak ezagutu nituen iaz: ufa! Neolitoan nolabaiteko kultura orokorraren parte izan ginen seinale. Kultura hura isila da, ordea, aspaldi ulertezina. Buruak ezin kabitu duen teknika, gaur egunean izugarrizko tonak altxatzen dituzten garabiekin ere errepikaezina.

Eta hitzak? Honatx gure gaurko misterio ez-misterioa. Dolmen eta menhir ez dira Neolitokoak, XVIII. mendean Théophile Corret de la Tour d'AuvergneNapoleonen laguntzaile zeltazaleak lehenengoz erabiliak baizik (1796); berak-edo ondu zituen bretoierazko hitz bina elkarrekin josita: bata taol 'mahaia' eta maen 'harria' omen; bestea maen eta hir 'garaia'.

Bretoierak dena azaltzen omen zuen orduan. Ezin jakin trikuharriak ez direla zeltenak, lehenagokoak baizik. Halere, zeltazale batzuek etsi ez eta erakutsi nahi izan dute ley direlako marra zuzenek dolmenak elkarrekin eta beste mugarri batzuekin lotzen dituztela. Diotenez, ley marrek markatzen dute druidek «wyvern» zeritzen lurraren energiaren ibilbidea, sugearen antzera lurrean zehar dabilena.

Horrelakoak etengabe uxatzen dabiltzan zientzialari gaixoek frogatu behar izan dute plano batean nahikoa puntu ausaz banatuz gero, halabeharrez ausazko puntuen lerrokadurak sortzen direla. Begiak ireki ditzagun, bada. Ala itxi. Herensugea. Feng shuia. Solstizioak eta ekinokzioak.

Julio Caro Baroja bezala, sineslea banintz, paganoa nintzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.