Nora Arbelbide Lete.
LARREPETIT

Hanka sartuz aitzinatzen

2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Duela pare bat urte zen. Euskal Herriko lau txokoetatik elkartu ginen Baionan iheslarien eskubideak nola errespetarazi gogoetatzen aritzeko. Bururatu zen gogoeta eta hazkurri soberakinak gelditu ginen. Eta joan ginen zuzenki Euskaldunen plazara janari horrekin. Garaian ez zen Pausa bezalako harrera gunerik paperik gabekoentzat Baionan. Euskaldunen plazan kukutzen ziren denak, handik abiatzen baitziren bidaia merkeak proposatzen zituzten autobusak.

Gose pixka bat kendu zuen janariak. Baina nik ezin burutik kendu nire esku zuri hori janaria ematen esku beltz horiei. Ttipitatik telebistan ikusi Ama Teresa serora horrelakoak egiten, edo Bernard Kouchner politikaria bere irris zakuarekin espaldan.

Salbatzailearen sindrome horretan ez erortzeko aspalditik ari ginen gure artean gogoetan, preseski. Paternalismotik urruntzeko. Biziki erraza baita menpekotasun harremanera lerratzea, nahi gabe ere, inkontzienteki ere. Botere izugarria lortzea. Historia luze baten oinordeko.

Nola egin? Galdera hori buruan entzun nuen Amets Arzallus Miñan (Susa) liburua aurkezten Biarritzeko mediatekan joan den egunean. Ibrahima Balde iheslari ginearrarekin idatzia du Miñan. Eta Arzalluzek esplikatu zuen nola Balderi eskatu zion behin baino gehiagotan liburuan sartzeko marrazki zenbait egitea ideia ona izan zitekeela. Kaiera eta guzti emana zion. Baldek baietz, eginen zuela. Baina ez zuen egiten sekula. Eta memento batez ohartu zen Arzallus, erdi kasualitatez edo: «Ari nintzen marraz zezan galdegiten sekulan marraztu ez zuen pertsona bati. Azkenean, bere burua analfabetotzat baldin bazuen, oraino analfabetoago. Ez eta marraztu ere. Nik sekulan pentsatu ez nuen gauza». Gero hasi zen marrazten Balde. Baita bere baitarik ere. Liburuari indar bat gehiago emanez. Baina Arzallusek ez du ahantzi anekdota hori. Eta argi: «Hanka sartuz aitzinatzen zara». Bere burua galdekatu zuen orduan Arzallusek, eta funtsean, beti hala egiten ari dela ere aitortu zuen. Ezin, bestela. Dominante-dominatu harreman horren itzala hor baita beti, nahi ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.