Nora Arbelbide Lete.
LARREPETIT

Gautxoa izan nahi dut

2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Argentinako nazioa antolatzen ari zirelarik 1880an, gautxoen alfabetatzeko saiakera bat egin zuten. Zintzoki nahi izan zituen alfabetatu, boterearen aurka armatuagoak izateko. Harriturik, ordea, gautxoek ukatu egin zieten proposamena. Miguel Benasayag filosofoak gogoratu izan zuen gertakaria 2012ko TEDxConcorden, Gatazkari gorazarre mintzaldian: «Zapalduek intuizioz sentitzen zuten alfabetatzeak beren zapaltzaileengandik zuten menpekotasuna handituko ziela. Maisuaren jakintza jasoz, boterearen estruktura irensten duzu ohartu gabean». Gogoeta honen oihartzuna burmuinetik ezin kenduz nabil. Noiz eta konkurtso bat prestatzen ari naizela funtzionario bihurtzeko edo. Preseski, lerro hauek nire azkenak izanen dira bulta batez. Hemendik aitzina Samara Velte berriz irakurtzeaz pozten ahalko gara!

Ni linboetan galduko naiz bitartean. Konkurtsoaren izenburua bera... Ondarearen eta liburutegien lurraldeko kontserbadore laguntzailea, bigarren mailako arduraduna (frantses hutsean, bistan dena). Poema bat.

Interesgarria da ikasgaia, baina helburua argi utzi digu formatzaileak: koadroan sartzea. Koadroan sartu. Koadroan sartu. Behin eta berriz errepikatzen digu.

Ez da irabazia. Intuizioak gautxoen mundura eraman nahi nau... Baina aldi berean, burmuinaren beste txokoak Martintxo entzutea gomendatzen dit. Martintxok desafioa bota zien Basajaunei. Hauek beren eremuan ogi zuri ederraren gariak zituzten. Martintxoren herrian, berriz, arto zaharra baizik ez zuten.

Desafioa gari meta gainetik jauzi egitea zen. Nork urrunago. Basaujaunek salto egin zuten eta lortu. Martintxo txikia zen, ordea. Saiatu zen, bere bota handiekin, baina gari metaren erdi-erdira erori. Erditik jautsi eta joan zen, lotsati baina korrika bizian. Basaujaunak jukutriaz ohartu orduko urrun zen Martintxo. Ezin izan zuten harrapatu. Martintxok, herrira iristean, botak kendu eta barnean sartu gariak isuri zituen. Bazuten ogi zuria ereitekoa, orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.