garbine ubeda goikoetxea
LARREPETIT

Itsasoa

2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Lehor-lehorrekoa naiz sortzez. Umetan, etxetik gertu ikusitako marea beltz bakarrak (baita gorriak, lilak, arrosak, urdinak edo berdeak ere) ibai-erreketan gertatzen ziren, eta batez ere paper-fabrikek eragiten zituzten, eskulanetarako kartoi-orri koloretsuak produzitzen zituztenean.

Itsasoa, ortzi-mugan ere amaitzen ez den eremu likido hori, basamortua bezain arrotz eta dohakabea begitandu izan zait beti, baina izan nuen sasoi bat —gurasoek hondartzara behartuta eramaten nindutenean, hain segur—, hari parez pare jartzen ikasi eta Txindokiko gailurretik begiratzean baino lilura handiagoa sentiarazten zidana.

Itsasoa, urrutiko izeba estreinakoz bisitan heltzen denean bezalatsu, harrigarriki eskuzabala izan zitekeelako. Bakarren batek galdutako bitxiak, txanponak, iraganeko oroigarriak eta bestelako altxor txikiak oparitzen zizkidan arreta jarriz gero, eta ulertuko ez nuen hizkuntzan idatzitako mezu misteriotsua botilan jasotzeko itxaropenik ez nuen sekula galdu, beste hemisferioko lur-bazterrak ere milikatzen dituenez.

Izan nuen beste bolada bat—jada Hendaiara bizitzera etorrita—, itsasoaren ahalmen terapeutikoa deskubritu eta burua lasaitzeko baliatzen nuena. Oinak bustitzea petrikilo magiko batengana joatea bezalatsu zen: uhinen joan-etorriei begira, kasik hipnotizatuta, pentsamenduak lerro ordenatura ekartzeraino baretzen zituen nire neuronak.

Gaur egun hurreratu ere ez naiz egiten. Han ez naiz libre. Ezin dut bere urdintasunean galdu, gogoeta egin edo neuronarik baretu, kale-zakurraren zorriak baino ugariago eta temosoago bihurtu diren surflariek ispilu efektua sortzen baitidate. Isildu gabe errepikatzen didate zer garen: espezie inbaditzaile gainpopulatua, eremu eta ekosistema oro jolas-patio bihurtzeko batere lotsarik ez duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.