Albistea entzun

LARREPETIT

Emakumeak eta sabelak

Garbiñe Ubeda -

2021eko maiatzak 13

Izan zen hemen bolada bat, 90eko hamarkadan edo, umeak gutxi jaio eta gaiari luze zabal heldu zitzaiona. Gogoan dut ugari izan zirela tertuliak, eztabaidak nahiz zutabeak, eta iritzi korronte batek, gutarron etorkizunaz kezkatuta, haurrik nahi ez zuten gizonen eta bereziki emakumeon arrazoibidea jartzen zuela jomugan. Esaten zuten —arrapataka ari naiz— Euskal Herriaren aldeko borrokarik eraginkorrena euskotar / euskaldun asko munduratzea zela, eta gutariko bakoitza behar zela ume ugariz erditu, onbidean jar gintezen. Artean ez zekiten jakin, gerora sortuko ziren euskalduntxoek globalizazio alu honetan bizi beharko zutenik, eta are gutxiago, euskaraz nekez mintzatu ahalko zirenik, eskola orduez kanpo. Bestalde, guk ere ez genekien ukazioak alboratu eta azkenerako ama izango ginenik.

Egunotako albisteek diote, berri txar gisa, inoizko jaiotza-tasarik baxuena izan duela Euskal Autonomi Erkidegoak —arranopola, batuketa sinpleak egiteko ere ezin al dugu banaketa administratibo zentzugabea gainditu?—; neurketak egiten hasiz geroztik, 2020. urtea izan dela denetan makalena. Izan zitekeen berdin, berri ona. Izan zitekeen, esate baterako, gainpopulazioa geldiarazi nahi genukeen seinalea, edo indarrean dagoen sistema makur eta planeta-suntsitzailea erortzen uzteko bidea. Baina egin dezagun aurrera. Besteak beste, ugaltzeko adinean diren emakumeak inoiz baino urriago direlako gertatu omen da, estatistika zaleei irakurri diedanez.

Demagun hala dela, ez dela albiste ona. Orain arteko haur kopuruari eustea hain beharrezkoa baldin bada, non dira erraztasunak? Non dira zaintzari logikaz eta gizatasunez, eta ez produktibitatearen legeez, helduko dioten politikak, neurriak, arauak, irizpideak? Non da inertzia geldituko duen ikuspegi aldaketa?

Ugalketaren gorabeherez hitz egitea sabelak zenbatzea baino gehiago da. Urteak joan eta urteak etorri, lepo beretik daramagu burua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.