garbine ubeda goikoetxea
LARREPETIT

Frantsesak eta murgiltze eredua

2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Nire gisa familia ugari batean sortutako adiskide baten gurasoek bazuten maxima sasi-matematiko bat, bidea ematen zitzaien bakoitzean zotinak jota baleude bezala errepikatzen zutena, haien zuzentasun etikoaren seinale: «Guretzat, seme-alaba guztiak berdinak dira». Praktikara eramanda, gaurko ikuspegitik irrigarri samarrak egiten diren neurri-arauak ezartzen zizkieten neskak neskekin eta mutilak mutilekin pilatzen zituzten zazpi haurrideei. Txikiak zirela, esate baterako, daltondarrak balira bezala jantziz, batzuen eta besteen arteko alde bakarra oihal beretik jositako gonak eta prakak izanik; eta koxkorragotan, denak ala denak eskolaz kanpoko orduetan solfeoa herriko organistarekin ikastera behartuz, edota igandeetan, adinaren araberako ordainsari proportzionala emanez, bizpahiru adibide jartzearren.

Guraso haiei zentzuzkoena, bidezkoena edo demokratikoena iruditzen, eta ez konturatzen, eta are gutxiago ametitzen, delako berdintasun sasi-matematikoak alimaleko ukazioa zuela oinarrian; haurride bakoitzaren grinak lausotzeko, ametsak kamusteko eta izaera propio berezitua zigortzeko makina besterik ez zela, eta denetan larriena izan litekeena, faboritismoa erakusteko beldurrez, hain zuzen ere faboritismoa ari zirela sustatzen: gurasoen moldera edo etxeko markara hobekien moldatuko zenarena.

Halakoxeak dira frantses jakobinoak. Gurasokeria merke eta atzerakoia ezin gainditurik, beren gisako klonaziora makurtzen ez den guztia punitzen dute legez eta indarrez, zuzentasun konstituzionalaren izenean. Baina galdera ez da zergatik egin duten, zergatik bidali duten utikan murgiltze eredua. Galdera da, zer egin genezakeen guk, hizkuntza urritu eta lotsarazian bizi nahi dugunok, lege babesik gabe, baliabiderik gabe, ia ezertarako zirrikitu ofizialik gabe.

Hiltzen utzi ala intsumitu eta borrokatu. Ez dago besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.