garbine ubeda goikoetxea
LARREPETIT

Atzera begira

2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Daniel Ortegaren balentriaren batek hemengo komunikabideetara iristerainoko sona hartzen duen bakoitzean urdaila uzkurtzen zait. Hiru opositoregarrantzitsu giltzapetu ditu oraingoan, hiru sandinista historiko (Dora Maria Tellez, Victor Hugo Tinoco eta Hugo Torres), Anastasio Somozaren diktadurari aurre egiteko borrokan gerrillakide izan zituenak, baina gerora etsai eta traidore jo zituenak, bere gobernu moldearekin bat ez datozelako.

Zenbat festa eta parranda egin ote genuen Nikaraguako iraultzaren kontura, zenbat ilusio, itxaropen eta grina piztu ote zizkigun, zenbat musika-talde goretsi ote genituen, Kortatutik edota The Clash-etik hasita, mugimendu hura, diktadura agintetik bota eta herri xehearen garaipena ekarri behar omen zuena, taldearen beraren ideologian barneratu zutelako, beren publikoaren aurrean bozgorailu bihurtu zirelako. Nikaragua sandinistak liluratu egin gintuen gaztetan, tokitxo polita hartu zuen gure bizitzan, brigada internazionalistek, inperialismoari hortzak erakusteak eta diktadura orori gerra egin beharrak ere tokitxo polita hartu zuten bezala.

Gaur, Daniel Ortegaren izena entzun eta ez dakigu zer esan; mutututa, ostrukarena egiten dugu kasik. Bere despotismoak, bere manikeismoak, boterean betikotzeko grina neurrigabeak, indarkeriak, manera militarrek, iraultza ospetsu baten izenean eragiten duen distortsioak, horrek guztiak, narda besterik ez dakar. Oka egingo nuke gogotik, baina Nikaraguako presidentearen gehiegikeria toxikoak baino gehiago, nire gazte garaia etorriko litzaidake goitika.

Nostalgiari zirrikitua uzten diodan egun apurretan, parranda-giroz eta rock internazionalistaz bustiriko poz hura etortzen zait akordura, eta esaldi bakar batek eta berak laburbiltzen du dena: zein inuzenteak eta naifak ginen. Ez ikusten, boterea erdiestea dela botere-gehiegikeriak salatzen dituen mugimendu ororen sagar ustela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.