Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Izenen politikaz

2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Gaurkoa idatzi nahi nuen toponimoei buruz. Piztu zitzaidan grina Gasteizko Aretxabala-Gardelegi zonaldeari jarriko zaion izenaren kontura. Hautagai diferenteak zeudela (Ezkerribai, Errotalde, Sarrinko, Tximisoste, Okelu, Goikolarra), baina udalarentzat 19. sektorea omen dela eremuaren izena. Hautatzeko irizpide ezberdinak izan dituztela: ezin dela izenik asmatu, erraza izan behar dela gogoratzeko, tokiaren ezaugarriekin bat egin behar duela, ahal dela munduan bakarra izan dadila eta izen «luzeegiak» ala «zailak» alde batera utzi behar direla. Baina ezin. Zeren egunero ez bada astero euskal esfera komunikatiboa beste izen batzuek betetzen dute: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ETAk hildako 700 pertsonen izenek. Gogora institutuak, Jaurlaritzak eta Gasteizko memorial filofaxistak astero dute bonbardatzen.

Memoria ariketa pribatu ala komunitario bat da. Memoria ariketa administratibo bilakatuta, inpekable eta antifaxista ez bada totalitarioa da. Hala ari dira Mendebal Euskal Herrian, politikagatik hildako bakarrak ETAk hildakoak balira bezala, eta konplemento gisa Triple A eta GALen aipamena (ETAz uste dudana Oier Aranzabali Barruan gaude podcastean kontatu nion).

Ez duzu inoiz entzungo Denis Itxaso 1934-1939an faxistek, karlistek eta militarrek hil zituzten milaka sozialista, ugetista edota JSUko kideetako bat hartu, bere izena ahoskatu, bere bizitza zein izan zen azaldu eta bere hiltzaileei lezio moralak ematen. Besteak beste, hil zituzten milaka sozialista horien hiltzaileen erakunde oinordekoen buru bera delako orain.

Ez duzu inoiz Aintzane Ezenarro entzungo 1934-1978an hildako abertzale, sindikalista edo mendigoizale bakar baten bizitzaz, hunkituta, entzungo. Izango ditu beren hiltzaileen kontrako justiziaz ahazteko motibo sakonak.

Zeren Mendebaldeko 22.000 izen ahazten ditu astero Mendebaldeko prentsak. Nahita. Hori da 79ko Gernikako estatutua, lantzean behin zifra zerrenda bat, bi toponimo, aurreskua eta plaka bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.