nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Onak eta txarrak

2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Lehendabiziko golak sutsuki txalotu nituen; hamarreko abantaila hartu zutenean, jo nituen oraindik ere txalo batzuk; hortik aurrera, sufritu egin nuen. Semearen eskubaloi taldeak hogeita hemezortzigarren gola sartu zuenean, «markagailua ixteko» esan zion epaileak mahaian zegoenari; hau da, partida amaitu bitartean gol gehiago sartuta ere, markagailua ez aldatzeko. 38-8. Hogeita hamar goleko aldea 12-13 urteko umeen eskubaloi partida batean; eta ume hitzean jarri nahiko nuke enfasia.

Okerrena da halako diferentzia egotearen azalpenak ez daukala kirolarekin zerikusirik. Zorionez, gure herrian eskubaloiko infantil mailan talde bat baino gehiago osatzeko adina ume baldin badago, taldeen antolaketa ekitatiboa egiten dute, antzeko lehiatze gaitasuna duten bi talde osatuz. Baina asteburu honetan gure haurren aurka aritu direnekin ez dute berdin jokatu, eta denboraldi osoa daramate egurra jaso eta jaso. Pasa den urteko irailean, batzuk oraindik 12 urteak bete gabe zituztela, hainbat entrenamendu egin eta onenak talde batean kokatu zituzten eta txarrenak beste batean. Agian, une honetan, irakurleren batek betiko argumentu errepikakorra mahaigaineratuko du eta esan nahi diot baietz, arrazoi duela, lehia bizitzaren parte dela eta nahigabea ere kudeatzen ikasi beharra dagoela; baina adin hauetan, nire ustez, ezin da kirol lehiaketaren bidez izan. Haur hauei txar etiketa jartzen zaie onarpen sozialak euren bizitzan sekulako garrantzia duen une batean, eta kirol lehiaketak lotura zuzena duenean estatus sozialarekin. Nerabezaroan, gainera, gorputz garatu batek erabateko nagusitasuna ematen dizu kirol gehienetan; eta era honetako jokabide baztertzaileen kaltetu nagusiak gorputz garapen berantiarrago bat dutenak dira, zer eta euren gorputzaren denborak direnak direlako.

Haur eta gazteen lehiaketak kiroltasunean eta errespetuan oinarritzea aldarrikatzen den garaiotan, ezin ditugu halako jokamoldeak naturalizatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.