Langileria bistaratzea

Ostiralean hasi eta hilaren 25era arte egingo dute langileei eta lan munduari buruzko ikus-entzunezkoen Lan jaialdia, Bilbon
<em>UpSide Town</em> da jaialdian emango dituzten filmetako bat.
UpSide Town da jaialdian emango dituzten filmetako bat. LAN JAIALDIA Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko irailak 16

«Hemen langile klasearen disoluzio moduko bat bizi dugunez, norbaitek pentsa dezake langileria desagertzen ari dela, baina ez da hala, existitzen da, eta nazioarteko hamaika txokotatik jasotzen ditugun pelikulek berretsi egiten dute ideia hori: hemen bezala, beste leku batzuetan ere mutatzen ari da, baina langileria ez da desagertu». Hain zuzen, hori erakustea da Lan ikus-entzunezko langile festibalaren asmoa, Itxaso Diaz zuzendariaren hitzetan. Lan mundua eta langileria bistaratzeko helburuz jarri zuten abian jaialdia 2017an, Bilbon, eta asmo berarekin abiatuko dute laugarren edizioa ostiralean. 18an hasi eta 25ra bitarte, ia 30 film, bisita gidatuak, hitzaldiak eta erakusketak antolatu dituzte.

Guztira, sail ofizialean parte hartzeko 506 proposamen jaso dituzte aurten, eta haietako 24 erakutsiko dituzte. Bilborock aretoan egingo dira proiekzioak 21ean eta 24an, eta BilboArten, berriz, hilaren 22an eta 23an. Eta, bestelako ekitaldiak ere badauden arren, proiekzio horiek dira jaialdiaren muina.

Izango dira animazio filmak, film esperimentalak eta fikziozko lan batzuk ere bai, baina, Diezek dioenez, dokumentala da nagusi jaialdian. «Oso fikzio ona dago langile klaseari buruz, noski, baina dokumentalak dira guri argien erakusten digutenak langileria oraindik hor dagoela». Edonola ere, formatua eta generoa edozein direla ere, «sentsibilitate artistikoa» da jaialdiko kideek baloratzen dutena.

Maskulinizatutako irudia

Hainbat film gonbidatu ere egongo dira sail ofizialetik kanpo. Jaialdia antolatzeko inspirazio iturri suertatu zaizkien lanak biltzea da antolatzaileen asmoa. Lan horien bidez ezarri nahi izaten dute beren «ildo editoriala», eta, aurten, esaterako, generoa dute arreta gune nagusi gonbidatutako film horietako bik. Potosiko meategietan lan egiten duten emakumeei buruzko dokumentala da Mujeres de la mina, eta Kanaria uharteetako emakume langileen historia berreskuratzen du Mujeres empaquetadoras de tomates-ek.

Diazek dioenez, festibal feminista bat izatera iritsi gabe ere, arreta berezia jarri nahi izaten dute emakumeengan, haien hitzetan, langileena historikoki «bereziki maskulinizatutako» imajinario bat delako.

Berez, maiatzean egin ohi dute jaialdia, maiatzaren lehenaren bueltan, baina irailera atzeratu dute aurtengo edizioa, koronabirusaren eraginez. Eserlekuen erdiekin egingo dituzte saioak, baina beti izan dute argi jaialdi presentziala egin nahi zutela.

Bestelako hainbat proposamen ere antolatu dituzte. Bilbo inguruko iragan industriala erakusteko bisita gidatuak egingo dituzte, esaterako, 18an eta 25ean. Zorrozaurre auzoan izango da lehena, eta Bilbotik Santurtzira egingo dute bigarrena.

Arte erakusketa bat ere antolatu dute eta jaialdiak iraun bitartean egongo da zabalik Zorrozaurre auzoko Artiatx espazioan. Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat ikasleren lanak jarriko dituzte ikusgai bertan, eta artista gonbidatu bat ere izango da: Alberto Salcedo. 1990eko hamarkadan Euskal Herriko industri guneetako «hondakin» izendatutakoen suntsipena du ardatz haren No monument lanak, eta ikasleen lanekin batera egongo da ikusgai. Argazki bilduma batek osatzen du Salcedoren lana, batetik, eta, eraikinen eraiste neurtuak erakusten dituen bideo instalazio bat ere badu, bestetik.

Britney Spears eta Marx

Hilaren 24an bi hitzaldi izango dira Bilborock aretoan. Britney Spears eta Marx izenburua izango du lehenak. Lan munduak azken urteetan izan duen bilakaerari buruzkoa izango da, eta ironia eta umorea baliatuko dute horretarako Jushepe Erreti eta Blanca Ortiga hizlariek. Borja Crespo idazle, komikigile eta zinema ekoizleak eskainiko du bigarren hitzaldia, eta komikigintza izango du ardatz.

Jaialdia amaitu ostean ere, jarraitu egingo du jaialdiak, ordea. Bilbon eskainitakoaren hautaketa bat eramango du jaialdiak hurrengo hilabeteetan beste hiru herritara. Karrantzan (Bizkaia) egingo du lehen geldialdia, Gasteizen bigarrena, eta Bogotara (Kolonbia) ere hainbat film eramango dituzte jaialdiko antolatzaileek.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bi pertsona maskarak soinean daramatzatela, autobusean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Lau gako asintomatikotasunaz

Arantxa Iraola

Kutsatu guztiek ez dituzte izaten sintomak. Adituek diote COVID-19an positibo emandakoen erdiek-edo, birusa izan arren, ez dutela batere sintomarik. Horrek zaildu egiten du izurriaren kontrola.

Herritar batzuk kalean maskara jantzita, Frantzian. ©CAROLINE BLUMBERG / EFE

Birusaren bigarren oldarraldia

Jone Bastida Alzuru

Kasuek ugaritzen jarraitzen dute munduan, eta hainbat herrialdek neurriak zorrozteko erabakia hartu dute. Israelek joan den ostiralean indarrean sartutako itxialdia gogortu du

Langile batzuk kaleak desinfektatzen, atzo, Azkoienen (Nafarroa). ©Idoia Zabaleta / Foku

Bigarren egunez, 800 kasu baino gehiago atzeman dituzte Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz

Osakidetzak jakinarazi du 9 urteko ume bat hil dela, birusa izanda. Positiboek gora egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Nafarroan, ez

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna