Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Neurritasuna

2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Irakurri Le Monde Diplomatiquen Laurent Bonelliren azkena. Esplikatzen du gaur hamaikagarrenez kalera aterako diren jaka horiek autoantolakuntzaren eta ekintza zuzenaren alde egin dutela. Ez dutela bitartekaritzarik nahi: ez politikoa ezta sindikala ere. Horregatik hedabideetatik esan izan da «anarkista autonomoak» eta «eskuin muturra» zegoela jaken atzean. 30eko hamarkadako antisemitismoaren eskema errepikatuz: judua aldi berean zen bankaren burua eta iraultza komunista. Ala, egungo islamofobiarekin bezala: islamista berdin da petromonarka bat eta gure soroetan lanean ari den lurreko kondenatu bat.

Bonellik aipatzen du estatuko indarraren arduradun batek esan ziela kalean gertatzen den biolentziak «harremanekin» duela zerikusia. Alegia: «Guk [estatuaren indarkeria praktikatzen duten erakundeok] erabakitzen dugu zein biolentzia mailarekin hasiko den [talka]. Gurea gero eta handiagoa denean, berdin da handiagoa manifestariena». Hala atxilotu zituzten Frantzian 1.723 lagun abenduaren 8an (10 astean 5.000): egun bakarrean. Atera dituzte ur kainoiak. Ibilgailu blindatuak. Helikopteroak. Poliziak zaldi gainean. Gas negar-eragile gramadak (abenduaren 1ean soilik Parisen 10.000 jaurti zituzten: 2.000 zauritu eta 10 hildako) eta polemiko bihurtu diren flash-ball-ak: begien kontra, eskuak erauziz. Bonellik dio Polizia eta Jendarmeria isolatuta daudela. Hogei urtez inork ez dituela bere manerak kritikatu: ez arau-hauste txikiei ezta terrorismoari aurre egiten ziotenean. Nahiz eta hil duten atxilotze agindua zuen jendea.

Mantes-la-Jolie-ko hamarnaka ikasle belauniko eta eskuak buru atzean zituztela ikustean jo zuen alarmak. «Demokrazia deitzen diote, baina ez da» esaten zuten M15ekoek 2011n. XX. mendeko faxismoa martxan jarri zuten asko sozialista nabarmenak izandakoak ziren Italian eta Frantzian. Noiztik ari ote dira neoliberalak, polizia eta lan diplomatikoa konbinatuz, XXI. mendeko faxismoa eraikitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.