Nora Arbelbide Lete.
LARREPETIT

Euskara hibridoa

2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun

Gure familian aipatzen den istoriotxo bat da. Uharte Garazitik Bergarara joaten ginelarik, hau da, gure bizitokitik gure amaren aldekoen etxera, autoko ateak itxi bezain laster, bergararrez hasten omen ginen ahizpen artean. Bergaratik Uharte Garazirako bidea hartzean, berriz, autoan sartu eta, alderantziz, garaztarrez edo.

«Edo» hori diot, nik dakidala Garaziko euskalkia ez baitut nehoiz menperatu. Garaziko euskalkia xuka deitzen den hori bada, hasteko, 'x' hori ez dut nehoiz lortu behar den bezala ahoskatzen. Belarrian ez dut arrotz, goxotasun bat sentitzen nuen eta sentitzen dut entzutean, baina ez da nirea.

Eta berdin-berdin, ororen buru, Bergarako euskararekin. Amak gure etxean, Garazin, batuaren hautua egin zuen. Entzuten nituelarik telefonoz bere ahizparekin bergararrez noka mintzo, inbidia sentitzen nuen, ederra zen. Baina ez zen nirea. Orduan ez dakit zein zen autoko Bergarako euskara hori, egia erran. Ez dut batere gogoan garai hori.

Dakidana da halako batean autoko bidaia horien istoriotxo hori bururatu zela. Itxuraz, denborarekin, nire burbuilaren eta ahoskeraren arteko konexioak zailtzen hasi ziren. Gogoan dut nola egun batez, Bergaran ginela familian, goRRRRia hitza atera zitzaidan. R frantsesarekin. Eta hor lehengusuak trufan: «Esan berriz! Esan berriz!». Sentitu nuen bazela problema bat baina ezin hitzak jarri.

Urteak aitzinatu arau, R frantses hori aldarrikapen egin nuen. Edozein gisaz ezin nuen egin bestela. Gure R-a frantsesa bada, zuena espainola eta zuenak bezainbat balio du, eta horrelakoak. Baina beste sentimendu bat zegoen ere hor barnean. Sustrai nahasiak zituen euskara horrek, ez nintzela nehon zilegi. Zeren, aldi berean, nire joskera ez zen ere hain euskara ederra duten iparraldeko horiena. Baina bizkitartean, ezin aipatu gabe utzi, eskuzabaltasun anitz ere aurkitu ahal izan dut bidean. Orain saiatzen naizena partekatzen. Batua uste baino zabalagoa delako. Euskalkien auzi horretan, nire euskara hibridoa aldarrikapen bihurtu dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.