Albistea entzun

LARREPETIT

Oi ama Eskual Herri goxua

Garbiñe Ubeda -

2021eko apirilak 29

Migrazioa hizpide da. Denen ahotan izan da lehen eta beti, baina orain, estatuak gotorleku direnetik eta albistegiak nahiz informazio sareak kasuistikaz josita datozenetik, hitzetik hortzera dabil. Nork ez dio muinetik heldu noizbait, nork ez du usu entzuten den topikoren bat berea balitz bezala errepikatu, lagun eta lankideen arteko berriketetan.

Duela hainbat aste (orduan ere izango zen itsasoan itotakorik edo Bidasoaren ertzean polizi sarean eroritakorik), gai saihetsezina zela deliberatu zuen lizeoko euskara irakasleak. Otu zitzaion, hamazazpi udaberri pribilegiatu ezagutu dituzten neska-mutilen gelan mihiak dantzatzeko manera polita izan zitekeela, dimentsio berri batera eraman zitzakeela gainera, literaturak lagunduta. Zenbat poema herrikoi, zenbat kanta eta bertso, behinola Euskal Herritik Parisa joan behar izan zutenek jarriak, konparaziorako. Miñan ere etorri zitzaion akordura, gaur-gaurko nobela, ezin bikainago idatzia. Eskura jarri zien denei, bakoitzari liburu bana, eskolako lan gisa irakur zezaten.

Hamaika helduleku ditu gaiak, baina inondik hasi behar eta ikasleen bizipenetatik abiatzea hobetsi du lizeoko euskara irakasleak, eguna iritsi denean. Migratzailerik ezagutzen ote duten galdegin die; ba ote duten arbasorik, senitartekorik, adiskiderik, ezagunik, auzokiderik gaiaren ilustragarri aipa litekeenik. Memoria eza zer den, gehienek ezetz. Ustez zentzudunenaren erantzuna heldu da azkenik, eta giharrak zurruntzeraino amorratu du irakaslea, baina ez «zirkunstantziek behartuta» aipatzeko eskatu eta ulertu ez diolako —gurasoak jarri ditu etsenplu, Irun inguruko apartamentua utzi eta Hendaiara etxebizitza familiabakar batera etorritakoak, ziplo eta natural botatako azalpenagatik baizik: «Espainiatik Frantziara migratu zuten, eta egunero igaro behar muga, lan egiteko».

Garai txarrak lirikarako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.