LARREPETIT

Soinu paisaiak

Samara Velte.
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Mundua geroz eta toki monotonoagoa da. Eta ez diot nik bakarrik: East Angliako Unibertsitateko ikerketa talde batek nazioarteko azterketa bat egin du, eta ondorioztatu du soinu-paisaia naturalak geroz eta murritzagoak direla. Beste era batera esanda: geroz eta txori gutxiago entzuten ditugu udaberrian, eta entzuten ditugunek, oro har, beti soinu berberak egiten dituzte.

Arrazoia ez da bakarrik geroz eta jende gehiagok pasatzen ditugula urtean 360 egun baino gehiago hiriko hormen artean sartuta, eta, ondorioz, usoak eta txoriak deitutako bi kategoria bereizteko gai besterik ez garela. Ikerlariek Europako eta Ipar Amerikako naturaguneetako azken 25 urteotako datuak alderatu dituzte, une bakoitzean espezie bakoitzetik zenbat kide zeuden aintzat hartuta, eta ondorioztatu dute hegazti motak eta euren funtzioak gutxitu ahala, doinuen aniztasuna ere galdu dela.

(Bide batez, ba al zenekiten Xeno-Canto deitutako datu base ireki zoragarri bat existitzen dela, txorien kantuak biltzen dituena? Bada, ez horregatik).

Kontuak kontu: ez, ez da zuen irudipena, munduko doinuak geroz eta sinple eta errepikakorragoak dira. Zorionez, besterik esan daiteke bestelako ekosistema batzuetako musika aniztasunaz: herriko tabernetan, esaterako, nabarmen handitu da azken mende laurdenean. Barran egoskor Camela eta Aretha Franklin eskatzen zituzten lagun nekaezinei esker aberastu zen gure bizitzaren soinu banda, artean galerarik ezagutzen ez genuenean. Ahots egoskor horien jabeak desagertu ahala, baina, gure bizitzaren soinu banda ere pobretuz doa orain, udaberri bakoitzean kide gutxiago garenean. Oxala guk ere gure Xeno-Canto datu basetxo intimoa sortu bagenezake, denborarekin bizitzatik galdu ditugun ahots-doinuak, desagertutako lagun bakoitzaren adierazpen bereziak eta hitz egiteko moduak noiznahi erreproduzitu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.