Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Artelanen alde

2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Oso tonu pesimistarekin bereiztu zituen Sloterdijk-ek XX. mendeko artisten hiru belaunaldi nagusien arteko jauziak (1910etik 1945erakoa, 1945etik 1980rakoa eta 1980tik 2005erakoa). Aurreko belaunaldiak ikasitako «exigentzia artistikoaren batuketa» desikasi zutela. Modernitateak ezarritako gaiak, teknikak eta afera formalak kate batean planteatzen ditu filosofoak eta «urrezko kate hori» jarraitzeari utzi ziotela: analfabetismotik analfabetismora. Hiru mila urteko «artearen historian» egon den entrenamendua, ikasketa, prozeduren fintzea katastrofera iritsi da «maisu-ikasle» dinamika haustearekin. Lehen artista zena, 80 belaunaldik ikasitakoa, bi belaunalditan artisauaren parera atzeratu dela: zenbat eta finago ekoizpenean, orduan eta urrutiago egun artea balidatzen den guneetatik.

Ez da nire asmoa 500 orrialdetik gorako liburu bat 1.993 karakteretara ekartzea eta badakit asko landu dela, nahiz eta ez zentraltasunez, nola pasatu diren garaiko arte ederrak (ekoizpena) egungo erakustera bakarrik mugatzera. Alegia, museoa ez dela jada obrekin harremana duen zerbait baizik eta sarri ekoizpenaz ezer ere ez dakien norbaitek (hautatzaile batek) egiten duen exhibizio ariketa bat. Iristeraino une bat lehen munduaren eta gizartearen artean artelanekin mediazio artistikoa egiten zuenak orain norberaren hautu artistikoen eta publikoaren artean egiteraino.

Era berean, aski pertinentea da arte plastiko eta bisualek (literaturako azken hamarkadek ez bezala, baina hori beste meloi bat da) mundua irudikatzeari utzi diotela 1945etik, eta pasatu direla selfish system batera. Afera dela nork bere erakusketa egitea besteek ekoiztutakoarekin. Hermetismoa, autoerreferentzialtasuna, tautologia, «edozein sasierlijiok bezala, transzendentziarekin ere espekulatzen du, gogoan izanda une oro oso interes lurtarrekin mugitzen dela». Nietzscheren aipu bat dakar liburuak hasi aurretik: «Aurrenik eta lehenik lanak! Alegia ariketa, ariketa, ariketa! Dagokion fedea gero gehituko da, egon zaitezte ziur!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.