Ander Perez Argote
LARREPETIT

Salto

2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Culture liburuan, kulturaren barruan sar daitezkeen definizioak zerrendatzen ditu Terry Eagletonek. Dioenez, kultura izan daiteke, bat, «obra intelektual eta artistikoen corpusa»; bi, «garapen espiritual eta intelektualerako prozesua»; hiru, «gizon eta emakumeen balio, ohitura, sinesmen eta praktika sinbolikoak»; edota izan daiteke, lau, «bizimodu bat, bere orokorrean». Honek denak gurean lur hartze aldera, esan dezagun, adibidez, kultura izan daitekeela, bat, Mikel Laboaren disko bat; bi, kale erdian egun argiz pixa ez egitera garamatzan ikasketa prozesua; hiru, sanferminetan kalean mahaiak jarri eta lagunekin ajoarrieroa jatea; edota izan daitekeela, lau, astelehenetik ostiralera iratzargailuak goizean goiz joko duela barneratzea.

Lehen adierak adibide bazterreko eta minoritarioetara eraman gaitzakeen bitartean —pentsa, adibidez, zenbatek entzun duen Ibon RGren disko bat—, bizimoduarenak, definizioz, gizatalde handiak biltzen ditu. Eta ondorioz, izan zaitezke kultura baten parte, bertako kulturaz ezertxo ere jakin ez arren. Adibideak, sobran.

Kultura gutxituetakook, euforiak eramanda, joera izaten dugu adiera bat eta bestea nahasteko. Zer esanik ez, azken asteotan bezala, talde baten itzulerak edota Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak zeharkatzen gaituenean. Eta hala, kategoria nazionalera, bizimodura kasik, goratzen dugu beste edozein astegunez kulturaren lehen adierara mugatuta legokeen adierazpen bat, batzuetan, barka, erridikulutik gertu ere egon daitezkeen epikeriak ahoskatuz.

Baina agian hala behar du. Agian anbizio hori, nork bere sutondoan kontsumitzen duen produktu izatetik gizarteari kode partekatuak ematera pasa nahi hori, da kultura gutxituak bizirik mantentzen dituena. Eta hala gabiltza batzuk, adiera batetik besterako saltoan, kultura bihurtuz lagunarte, errutina eta bizimodu. Kontua da salto horietan zer amildegi dugun behean, zer arrisku erortzeko. Eta zer koltxoneta jartzen diguten —edo ez diguten— azpian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.