Ander Perez Argote
LARREPETIT

Besteek diotena

2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Rainer Maria Rilkek «kanpora begira ari zara, eta hori da, ezeren aurretik, egin beharko ez zenukeena», esaten dio bere bertsoak onak ote diren galdetzen dion Kappus gazteari. «Inork ezin zaitu aholkatu ez lagundu, inork ere ez. Modu bakarra dago. Sar zaitez zure baitan». Eta ostean, aholku sorta bat dator, poeta kontsakratutik poeta gaztera: ez dezala bilatu bere poemen kalitatea besteen begietan, bila dezala bere barrenean zertarako idatzi, zer idatzi, zeri idatzi. Oinarritu dadila haren bizipenetan, haren memorian, haren inguruko gauzetan. Eta konklusio bat: «Zure baitarako bira horretatik, zure mundu propioan murgiltzetik, bertsoak ateratzen badira, orduan ez duzu pentsatuko inori galdetzea bertso horiek onak ote diren».

Mende bat baino gehiago joan da Rilkeren hitzotatik, baina distantzia luzeagoa da oraindik hitz horietan jasotzen denaren eta egun egiten dugunaren artekoa. Komunikazio eta sare sozialen garaian, ezer gutxi egiten dugu gure baitarako, kanpoan nola hartuko den pentsatu gabe. Are alderantziz ere: sare sozialetan kanporako aritzen den mordo bat jende bada, lehendik besteen erreakzioan pentsatzen duena; gero, igual, norberarengan.

Zutabe hau adibiderako. Nahiko zenuke libreago aritzea hatzak teklatu gainean, baina ezinbestean datorkizu burura besteen iritzia. Ezinbestean jarria duzu termometroa kanpokoen erreakzioan. Eta agian hala behar du, hartzaileari zor gatzaizkio. Nahiz eta gero ikusten duzun zeinen kapritxosoa den neurtzeko erregela hori, aseen geratu zarenean laudoriorik jasotzen ez baduzu, edo txaloak bueltan datozkizunean erdipurdi aritu zarela uste duzunean.

Idazteko grina bere baitan bila dezala gomendatzen dio Rilkek Kappusi, azter dezan behar bezain indartsua zaion idazteko bulkada: «Galdeiozu zeure buruari hilko ote zinatekeen idaztea debekatuko balitzaizu». Hil? Nola ba? Hilez gero ez genuke ikusiko-eta besteek gutaz esateko dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.