Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Okaztagarria da

2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Auzia klasikoa da: nola bizi dute intelektualek masa injustizia bat. Alegia, ba al da alderik, subjektiboki eta operatiboki, filosofian burua murgildua duenaren eta murgildua ez duenaren artean. Ba al da alderik kontzientzia politikoa duen etorkinaren eta ez duenaren artean. Paradigma honen muturreko adibideetako bat berreskuratu du Didi-Hubermanek bere azken liburuan: zer da historialaria, zer da bere gorputzaren ostean gehien artxibo batek arduratzen duen pertsona bat Varsoviako ghettoan preso?

Haren burkideek ere ez zuten ulertzen Emanuel Ringelblum egiten ari zena: ghettoko eskola klandestinoetako materiala bildu, gutunak, sasiko egunkariak, poemak, haur kantak, ahal zuen guztia, ahal bazuen kopia bat baino gehiago. Eta, ordea, Ringelblumek argi zuen: bizirik ateratzea ez zen soilik ariketa fisiologiko bat, bertan gertatutako dokumentuek kontatuko zuten. Ringelblumen artxiboaren txataltxo bat besterik ez zuen topatu Hersh Wasserrek 1946ko irailaren 18an: 25.540 orrialde.

1942ko ekainean izan zuen Ringelblumek 1933tik izandako poz une bakanetako bat. BBCko nazien masakreez hitz egin zuten. Ringelblumek bere egunerokoan idatzi zuen: «Berdin da juduen kontrako masakre izugarriaren errebelazioak bilatutako ondorioa ote duen —ia geldituko ote den komunitate juduen likidazio sistematikoa. Baina gauza bat da segurua— gure egitekoa bete dugu. Gure heriotza ez da hutsala izango».

Astakeria da gerrak alderatzea eta, ordea, ezinbestean daude lotuta 1942ko Varsovia eta 2020ko Siria. Eta, ordea, Ringelblumen artxibo lana toki guztietan da beharrezkoa zeren «Varsoviako ghettoan, terrorearen uztarriaren pean, egia bera zen klandestinoa». Gurean 24.000 hildako utzi zituen 36ko gerrak, 150.000 erbesteratu. Eta ikustea Gogora Institutuaren ingurua (feat. Montai et alii) miseria horretatik dirua egiten. PPren beraren ustelkeria parametroak gainditzen. Hildako antifaxisten memoria manipulatzen. Edozein kontsiderazio politikotik at egon beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.