Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Jeloskortasuna eta maitasuna

2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Jakintza jelea bailitzan irakurtzen ditut korrespondentziak. Inork pentsatuko luke testu gehigarriak direla, oso gai gorenak lantzen direnean soilik lagungarri. Baina ez, askoz interesgarriagoak dira, adibidez, bazterrean geratu ziren Arendt eta Scholemen gutunak, Arendtek eta Scholemek bizirik zirela aldizkarietan publikatu zituzten bi gutun ezagunak baino.

Antzera gertatzen da Virginia Woolfen korrespondentzian. Baditu esaldiak zuzenean filosofemak direnak, euskarri digital eta fisikoetan mekanikoki errepikatzeko modukoak. Adibidez, idatzi zionean Ethel Smythi esateko «liburu hau bukatzen (ala suntsitzen) dudanean nire lagunekin soilik egongo naiz». Ala Dora Carringtoni idatzi zionean: «Liburu oso bat idatzi eta berriz irentsiko nuke». Harry Crewsek autoarekin (Susa 1993) eta Iñigo Astizek lurrarekin egindakoa liburu batekin egiteko.

Woolfen aitortzetako asko fisiologikoak dira: «nire burmuina hamar minutu jarraian soilik funtzionatzeko gai den makina bat da» edota «jada ez daukat sukarrik eta lasai nago, eta sentitzen hasi naiz errekaren ibilia eta berriro nola mugitzen dituen ihiak. Barkatu metaforengatik, etzanda nagoenean artaldeak bezala datozkit eta ezin ditut uxatu: hamaika eta hamaika sortzen dira nire burmuinean. Pentsatzekoa da ez erabiltzeagatik gertatzen zaidala».

Baina korrepondentzietan desira da toki nabarmena daukana: «Bihar joango naiz Katherine Mansfield-i [Elkar 2011] agur esatera. Bi urterako alde egingo du. Irakurri dituzu bere ipuinak? Jeloskorregi nago irakur ditzazun gomendatzeko, baina merezi dute. Nardagarria da jeloskor egotea. Uste dut zentzuduna den bakarra dela onartzea. Eta berez gauza irrazional bat da zeren guztiontzako tokia dago. Ez maitasunean bezala». Badu gutunak, aitorpenak bezala, zera sakratu bat, belar altuak dauden soroan besoarekin bidea egiten dizunaren antzekoa: ez dakigu nora baina zatoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.