Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Marxista beltza Komunaz

2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Parisko Komunariburuzko aldarria 1946ko martxoaren 18an argitaratu zuen C.L.R. James historialari marxistak. 75 urte betetzen zituen Pariskoak eta Jamesek, AEBetako aldizkarian zioen «Ameriketako langile klaseak oraindik ez [zuela] mugimendu sozialista iraultzailearen historia eta tradizioa nahikoa ezagutzen Europako langile klaseak ohi zuen bezala». Parisko Komunaren urteurrena eta Karl Marxen heriotzarena «gutxiengo txiki batek besterik ez zuela ospatuko». Ematen du askorako ospatzearen kontuak. Ez nuke esango gurea bereziki sinkronizatuta dagoenik munduko erlojuarekin, ez gertakizun politikoekin ezta artistikoekin ere.

Nabarmentzekoak izaten dira Jamesen testuak, bere gardentasunarengatik: «Frantziako herriak Frantziako errepublika aldarrikatu zuen eta politikari kapitalistek» Bismarckekin egin zuten akordioa, beren oztopo nagusia, «Parisko errepublikano armatuak» garaitzeko. Parisko komunazaleen elikagai nagusia «bost hilabeteko gosetea izan zen, ez zien zalantzan ibiltzeko aukerarik utzi».

Baina, «zer zen zehazki Komuna?». Interpretazio mordoa egon da. Karl Marxen interpretazioa ez da gainditu bere sinpletasunean eta bere zorroztasunean: «Funtsean langile klasearen gobernu bat izan zen, jabeen klasearen kontra sortutako produktu bat, azkenik aurkitutako forma politiko bat gizakiaren askapen ekonomikoa konpontzeko».

Une batean, historialaria, anaforaka hasten da: sufragio unibertsalaz, atzerritarrek Komunan izan zuten tokiaz, nola Komunako Lanaren ministroa gizon aleman bat zen, Vendômeko zutabearen eraisteaz, nola Marxentzat horiek ez ziren keinu soilak baizik eta «iraultzaile proletarioen erantzun organikoak gizarte burgesaren praktika eta ideologia barbaroaren kontra».

Eta ebidentziarekin bukatu zuen Jamesek: 1871rik gabe ez zirela 1905eko eta 1917ko Errusiakorik egongo. Iraganeko aukera eta porroten ikasketa kritikorik gabe ezin dela aurrera egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.