Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Ilargia, ekografiak eta marrazkiak

2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ez nituen Galileo Galileik egindako marrazkiak ezagutzen Horst Bredekamp-en saiakera labur bat irakurri dudan arte. Ez nekien ezta ere zientzian eztabaidagai egon izan dela ea testuen bidez azaldutako ikerketetan irudiak ere erakutsi behar diren ala ez. Zeren irudiak beti dira errepresentazioak, hain da hala berdin dela argazki bat marrazki bat bezain errepresentazio, berdin dela DNA katea erakutsi nahi duen grafiko bat ala ekografia bat. Iconic turn esaten diote Gottfried Boehmek 1994an osatu zuen kontzeptu eztabaidatuari.

Ez nekien ezta ere Ilargia ez ezik tintarekin paperean paisaiak marraztu zituela Galileo Gaileik, XXI. mendeko edozein komikitan ager zitezkeen. Marrazkilari nabarmena izan zela dio Bredekampek; ibaiertzeko paisaia batzuetako irudia aztertu zuen, 1610ekoa, eta igarri daiteke nondik zetorren haizea belontzien oihaletan. Kontua da medikuntzako ikasketak eten eta gero Galileok Florentziako arte akademian ikasi zuela, Ilargiaren azalera irregularrak erregistratzen ikasi zuen; horri esker —alegia, marrazten jakiteari esker— asmatu zuen, orduko kosmologiako arauen kontra, gure planeta ez dela laua.

Itzalen sakontasuna marrazten lortu zuen Ilargiaren azaleraren kontzientzia izatea. Marrazteak begirada trebatzen du eta hala lortu zuten Ilargiko kraterren sakonera zein izango zen ikertzen hastea. Orduko marrazki horien aldean, garai berean mekanikoki egindako grabatuak puskaz okerragoak dira. Marrazkiekin eta ur-margoekin hasi zen ñabardura hori. Hala idatzi zuen Galileoren lagun Ludovico Cigolik: «Pentsatu dut sarritan, eta gauza bera pentsatzen jarraitzen dut, matematikari batek, nahiz eta oso matematikari handia izan, marrazten ez badaki matematikari erdia izango dela eta, gainera, begirik gabeko pertsona».

Cigolirentzat errealitatearen erregistroa ez zen soilik pertzepzio kontu bat, birsortzea ere ezinbestekoa zen, birsortzea eraikitzea delako eta eraikitzea delako ezagutzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.