Biderkatutako piezak, desegindako prozesuak

Betadine Su Bata erakusketa ikusgai dago Bilbo Arte zentroan. Beatriz Sanchez artistak bigarren eskuko milaka pieza baliatu ditu prozesu analogikoak sortzeko

Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Aste Nagusia bukatu eta Marijaia errekan erre bazuten ere, Bilbon jarraitzen du jaietako pertsonaiarik esanguratsuenak. Hain zuzen, BilboArten dago, irailaren 14ra arte: Beatriz Sanchez Kordobako (Espainia) artistak aurkeztu duen Betadine Su Bata erakusketaren parte da.

Erakusketa gelan sartu eta berehala, ehunka pieza txiki eta bitxi ikus daitezke paretan itsatsita: plastilinazko pertsonetatik hasi eta kristalezko kopetara. Guztiek, ordena txukunean jarrita, ikuslearen ezinegona pizten dute. Kolore deigarriak ikus daitezke nonahi. Hain zuzen ere, paretan dauden tramankulu bitxi eta txiki horiek erabiliz, bideoak egiten ditu artistak: arte digitala eta analogikoa uztartzen ditu Sanchezek.

Objektuei dagokionez, milaka pieza horiek artistak berak erakusketa esperimental hau egiteko propio hautatuak izan dira. Artistak azaldu bezala, askotariko jatorria dute piezek. Urte eta erdi behar izan du zakarrontzietatik zein bigarren eskuko dendetatik erakusketa esperimental honetarako objektuak biltzeko. «Objektu bakoitzak bere historia du, eta aukeratutako objektuak ez dira politenak, zerbait iluna dute guztiek» azpimarratu du Sanchezek. Hori horrela, gizartearen kritika egin nahi izan du, ironia apur bat erabiliz. Halaber, Goya margolarian eta El Capricho laneko laurogei grabatuetan oinarritu da Sanchez erakusketa hau egiteko orduan. Umore irrigarri eta zentzugabea erabili ditu «gure existentzia propioa zein zentzugabea izatera irits daitekeen» kritikatzeko.

Lanaren emaitza baino gehiago, prozesua da Betadine Su Bata erakusketaren oinarria, hots, Sanchezek lan egiteko duen modua erakutsi nahi izan du bere lanean. Nola egin den gailentzen da, eta ez zer egin den. 2017. urtean Bilbo Artek eskainitako beka bati esker gauzatu ahal izan du proiektua. Erakusketan espaziorik gehiena piezek hartzen duten arren, bideo erreprodukzioek garrantzi handiagoa dute Sanchezen lanean. Bideo artean espezialista izanik, software bidez lor daitezkeen efektu digitalen erabilpena desegitea lortu nahi du. Halaber, elementu plastikoak eta digitalak erabiliz, une oro aldatuz doan hizkuntza propioa sortu nahi du artistak.

Izenburuak ere badu istorioa. Betadine su bata: Sanchezek berak eta Marta Pelaezek osatutako musika talde baten izena behar luke. Ez zen, baina, gauzatzera iritsi. Hori horrela, taldeari omenaldia egiteko, erakusketaren barnean, irailaren 7an Severine Beata elektroniko esperimentaleko musikariak kontzertua eskainiko du. Sanchezek, bestalde, egindako proiekzioak erakutsi eta erakusketako piezak manipulatuko ditu. 19:00etan izango da emanaldia. Erakusketa, bestalde, ikusgai egongo da astelehenik ostiralera, arratsaldez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.