Donostiako 55. Jazzaldiari eutsiko diote, baina formatua txikiagotuta

Bertan behera geratu da uztailaren 22tik 26ra bitarterako prest zuten programazioa, baina antolatzaileek jakinarazi dute Trinitate plazan kontzertuak egiteko asmoa dutela tokiko artistekin

Aurten ezin izango da egin aurreko urteetakoak bezalako kontzertu jendetsurik Donostiako Jazzaldian. Irudian, Joan Baez, iaz, Zurriolan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Inigo Astiz
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Ez da aurreikusitako jaialdia egingo, baina jaialdia, egin, egingo dute. Uztailaren 22tik 26ra bitarterako prestatuta zeuzkaten emanaldi eta saio guztiak bertan behera utzi ditu Donostiako Jazzaldiak, baina koronabirusaren hedapena galarazteko ezarritako segurtasun neurrietara egokitutako programa berri bat prestatuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Ekain amaieran edo uztail hasieran emango dituzte hari buruzko zehaztasun guztiak, baina festibalak formatu txikiagoa izango duela iragarri dute jadanik. Minimora eramango dute festibala, eta tokiko artistekin osatuko dute Trinitate plazako agertokiko egitaraua.

«Tokiko publikoari eskainitako» jazzaldi bat izango da aurtengoa, antolatzaileek prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez. Batez ere, tokiko artistak programatuko dituzte, eta osasun publikoa babesteko arau guztiak beteta egingo dituzte emanaldiak. Horregatik, zalantzari zirrikitu bat ere utzi diote antolatzaileek beren oharrean. Izan ere, bertan zehaztu dutenez, saioek Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren baimena jaso beharko dute, eta, horren ondorioz, baimen horren menpe ikusiko da, azkenean, jaialdiaren bertsio murriztu hori egiteko aukerarik ba ote dagoen edo ez.

Larrialdi egoeraren eraginez, ezinezko bilakatu da eustea jaialdiak urtero eskaini izan duen kontzertu jendetsuen ereduari, eta atzerriko artistek ere hilabete batzuez ezin izango dute Donostiarako bidaiarik egin. Horren ondorioz, murriztu egingo dituzte bai kontzertu kopurua eta baita haietan bilduko den ikusle kopurua ere.

Besteak beste, John Zorn, Abdullah Ibrahim, Kenny Barron, Hiromi, Cecile McLorin Salvant, Graham Nash, Dave Holland, Kurt Elling eta Marc Riboten emanaldiak biltzen zituen jaialdiak bere 55. aldirako prest zuen egitarauak. Sarrerak erosita zeuzkatenek maiatzean jasoko dute dirua bueltan. Internet bidez erosi zirenak automatikoki itzuliko dira ordainketa egiteko erabilitako kreditu txartelera. Leihatilan erositakoen kasuan, Viktoria Eugenia antzokiko txarteldegia ireki arte itxaron beharko da.

Gainerako jaialdiak

Jazzaldiko arduradunak ez ezik, Donostian udan egiten diren gainerako jaialdietako ordezkariak nahiz beste hainbat kultur eragileetakoak udaletxean bildu ziren atzo, Eneko Goia alkatearekin.COVID-19aren krisiak sektorean duen —eta izango duen— eragina izan zuten hizpide, besteak beste, eragile bakoitzaren programazioan. Ohar bidez ondoren azaldu zutenez, bileran jakinarazi zen, esaterako,Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, San Telmo museoa eta Zinemaldia «baldintza berrietara» egokitu beharko direla. Hiriko udako kultur agenda, oro har, segurtasun neurri berrietara egokitzeko lanean ari direla esan zuten, «batez ere, tokiko sarea babesteko ahalegin berezia eginez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.